Ataunen bada udari ongietorria emateko modu berezia, eta aurten ere ez da gutxiagorako izango: Ekainaren 27tik uztailaren 2ra bitartean ospatuko dira 2025eko Aiako Santixalak, egun ugariz eta publiko guztientzako ekintzez betetako egitarauarekin.
Umeen egunarekin hasiera
Ekainaren 27a, ostirala, haurrei zuzendutako ekitaldiekin abiatuko da. Arratsaldeko 16:00etan puzgarriak izango dira, eta 17:30ean apar festa piztuko da. 18:00etan Amelie ipuin kontalaria izango da txikienentzat. Txokolatearen ostean, egunari amaiera emango diote Muxutruk erromeria, auzo afaria eta DJ Jo ta Txo-ren musikarekin.
Kultur aniztasunaren oihartzuna
Ekainaren 28an, larunbatean, Esbart Dansaire de Granollers eta Ataungo Otsoak Dantza Taldea elkartuko dira Aiako plazan, 17:00etan, «Katalunia eta Euskal Herria dantzan» ikuskizun berezia eskaintzeko. Ondoren, sardinak eta sagardo dastaketa, gazte afaria, Mallet taldearen kontzertua eta DJ Lizarrusti-ren emanaldia izango dira gaua borobiltzeko.
Emakume sortzaileen azoka eta herri kirolak
Igandean, hilak 29, Ataungo emakume sortzaileen azoka izango da goizeko 11:30ean hasita, eta ondoren EATE abesbatzaren emanaldia eta kantu poteoa. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, herri kirolak izango dira ikusgai, harri-jasotzaile eta aizkolariekin, besteak beste. 19:00etan, pilota partidak jokatuko dira, eta amaieran Aiako VIII. Txapelketa Herrikoiaren finala.
Meza, herri bazkari eta bertsoak
Uztailaren 2an, asteazkena, meza nagusiak emango dio amaiera jaiei. Ondoren, luntxa eta herri bazkaria egingo dira. Bazkalostean, Maialen Akizu eta Iker Zubeldia ariko dira bertsotan eta trikitiarekin, eta 18:30ean, toka txapelketa jokatuko da.