1970etik 2023ra arteko aldien azterketa egin du Lakuako Gobernuak Ihobe sozietate publikoaren bidez eta Euskalmet agentziaren laguntzarekin. ‘Klimaren Egoera EAE-n’ izeneko lehen txosten horrek klima-aldaketak azken 50 urteotan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izan duen eragina jaso du, eta datozen hamarkadetarako iragarpenak ere bildu ditu.
Tenperatura beroagoak, uda luzeagoak
EAEko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzeko 1970az geroztik. 2022 eta 2023 urteak izan dira inoizko beroenak. Egun oso beroak eta gau epelak gero eta ugariagoak dira: sei egun gehiago hamarkada bakoitzean, txostenaren arabera.
Uda beroagoa ere bai: 25 ºC-tik gorako lau egun gehiago izan dira hamarkada bakoitzeko, eta 2022-2023 aldian 75 egun bero baino gehiago erregistratu dira —2020ko kopurua 20 egunetan gaindituta—.
Bero boladak bikoiztu eta muturrera
Bero boladen iraupena eta maiztasuna bikoiztu egin dira. 1970-2000 artean batez beste lau egun irauten bazuten, azken hamar urteetan ia bederatzi egunera iritsi dira. 2022an, 23 eguneko beroaldi jarraituak jasan ziren, daturik muturrekoena.
Bestalde, tenperatura minimoak eta izotz-egunak gutxitzen ari dira, neguak gero eta epelagoak bilakatuz.
Itsas mailaren eta tenperaturaren gorakada
1993az geroztik, itsasoaren mailak 2,5 milimetro egiten du gora urtero. Bresteko mareografoak egindako neurketen arabera, azken 200 urteetan 20 zentimetroko igoera izan da, eta XXI. mendean nabarmen bizkortu da. 2050erako 26 cm eta 2100erako 51 eta 100 cm arteko igoera aurreikusten da.
Horrek ondorio larriak izan ditzake kostaldeko herrietan. Kalkuluen arabera, «agertokirik okerrenean, 2100ean 40.000 pertsona bizi litezke urez estalitako guneetan», ohartarazi du Lakuako Gobernuak.
Bizkaiko Golkoko itsas azaleko tenperaturari dagokionez, 0,25 ºC igo da hamarkada bakoitzeko, eta 2023an erregistratutako batez besteko tenperatura inoizko beroena izan da.
Euriaren joera ez da argia, baina muturreko fenomenoak ez dira gehiago
Prezipitazioei dagokienez, ez da joera argirik atzeman, baina bai bi muturretako urteak: 1989a lehorrena eta 2013a euritsuena izan ziren. Muturreko prezipitazioen maiztasunak ez du gorabehera nabarmenik erakutsi.
Emisioak behera, garraioa goraka
Berotegi-efektuko gasen emisioak %33 jaitsi dira EAE osoan 2005etik, baina garraioaren sektorean %135 igo dira 1990az geroztik. Horrek erakusten du sektore horretan oraindik erronka handiak daudela.
Herri-erantzukizuna eta tokiko neurriak ezinbesteko
Babes Zibileko sailburuorde Joana Egiluzek adierazi duenez, «aldaketa nabarmenak ari gara ikusten azken urteetan fenomeno meteorologiko kaltegarrietan, eta ezinbestekoa da baliabide egokiak edukitzea kalteak murrizteko».
Era berean, tokiko behaketa-sare sendoa edukitzea funtsezkoa dela azpimarratu du: «Kalitatezko datu lokalik gabe ezinezkoa da egoera horiei aurrea hartzea eta alerta sistemak behar bezala aktibatzea».
Lankidetzaren garrantzia etorkizun jasangarri baterako
Txostenak argi dio: klima-erronkei aurre egiteko egokitzapen eta arintze neurriak indartu behar dira, eta hori lortzeko erakundeen, enpresen eta herritarren arteko lankidetza funtsezkoa izango da. Helburua? «Etorkizun jasangarri eta erresilienteago bat eraikitzea».