Ataungo Palestinarekin Elkartasuna taldeak herritarrei dei egin die Palestinar herriari babesa adierazteko ekimen batean parte hartzera. Larunbat honetan, ekainak 28, elkarretaratze sinbolikoa egingo dute Aiako Santixalen ospakizunen baitan, sagardo eta sardina dastaketaren testuinguruan.
Ekintzaren ardatz nagusia elkartasun argazki kolektiboa izango da, eta antolatzaileen asmoa, jende kopuru handiena bildu eta Palestinarekiko sostengua modu grafikoan eta ikusgarrian adieraztea da.
Mezu argia: Palestina ez dago bakarrik
Palestinarekin Elkartasuna taldeko kideen esanetan, «hainbat herritan egiten ari diren gisara, Ataunen ere gure babesa adierazi eta Palestinaren aldeko mezua zabaldu nahi dugu». Hori dela eta, herritarrak gonbidatu dituzte larunbateko ekitaldian parte hartzera, giza eskubideen aldeko konpromisoa erakusteko.
Festa eta aldarria uztartuz
Aiako Santixalak urteko ospakizun garrantzitsuenetako bat dira Ataunen, eta antolatzaileek jai-giroan elkartasun mezua zabaltzeko aukera aprobetxatu nahi dute. Ekimenak festa eta aldarria uztartuko ditu, eta Palestinako egoera larriaren aurrean herritarren enpatia eta aktibismoa piztu nahi ditu.