Arabako zinemagileak beste urrats garrantzitsu bat egin du bere ibilbidean: astearte honetan ezagutzera eman ditu Gaua filmaren teaser trailerra eta poster ofiziala. Errementari eta Irati arrakastatsuak zuzendu ondoren, ikusmin handia sortu du haren hurrengo proiektuak.
Sitgesetik aretoetara
Urriaren 14an estreinatuko da Gaua Sitgeseko Zinema Fantastikoaren Jaialdiko Sail Ofizialean, eta azaroaren 14an helduko da zinema-aretoetara. Urkijoren aurreko lanetan bezala, fantasia eta historia uztartuko dira, baina kasu honetan gaueko euskal mitologiaren unibertsoan murgilduko da istorioa.
XVII. mendeko sorgin-ehizaren testuingurua
Filmak Kattalin izeneko emakumearen ihesaldia kontatzen du. Senarraren menpetik ihesi, gau beltzean baso sakonetan sartuko da, eta bidean hiru emakume topatuko ditu erreka ondoko garbiketan. Herri-ipuinak eta beldurrak tarteko, Kattalinek bere burua istorio horietako protagonista bihurtuta ikusiko du.
Proiektuak aurpegi ezagunak izango ditu: Yune Nogueiras da protagonistetako bat, eta harekin batera lan egingo dute Ane Gabarain, Elena Irureta eta Iñake Irastorzak. Horiez gain, Xabi “Jabato” Lopez, Erika Olaizola, Manex Fuchs eta Elena Uriz ere agertuko dira pelikulan.
Gaua-k misterioz eta zirraraz beteriko giroa proposatzen du, euskal sineskerietan oinarrituta. «Fantasiazko unibertso bat eraikitzen dugu, baina errealitate historikoaren geruza sakon bat du oinarri», azaldu dute arduradunek.