Ataungo herriak aspaldiko nahia gauzatu du: bere izenpean areto futbol taldea izango du aurrerantzean. Larunbatean egin zuten aurkezpena, eta taldearen osaera ofizialki aurkeztu zuten zabaldutako argazki eta ohar baten bitartez.
Taldeko kideek azaldu dutenez, herriaren gogoa eta ilusioa izan dira ekimen berri honen bultzagarri nagusiak. «Beti nahi izan deun gauza bat izan da herrin izenen futbolen jokatzea», adierazi zuten, eta azpimarratu zuten Udala, Ataun Kirol Elkartea eta hainbat babesleren laguntzari esker egin dela posible.
Taldeak jokatuko dituen neurketak laster izango dira ikusgai, eta informazioa bi bideren bidez zabalduko dute: sare sozialen bidez eta herriko kaleetan ipiniko dituzten kartelen bitartez. Horrela, herritarrek beti izango dute taldearen jardunaren berri.
Aurkezpenean, taldeak mezu argia helarazi zuen: «Eskerrik asko eta laster arte, Aupa Ataun!!». Herriko kirol mugimenduari kolore berria emango dion ibilbidearen hasiera da hau, eta ilusio handiz prest daude lehen partidak jokatzeko.



