Mahatsaren, laranjaren eta olibaren hondarrak erabilera berria izan dezakete, eta ez edonolakoa: AZTI zentro teknologikoak koordinatutako ikerketa baten arabera, hondakin horiek animalientzako elikagai bihur daitezke, tokiko pentsu jasangarri gisa. Hala baieztatu du Newfeed proiektuak, Espainia, Grezia eta Egiptoko 14 erakundek elkarrekin lau urtez garatu duten egitasmoak.
Jasangarritasunaren aldeko apustua
«Mahatsaren adaxkek, laranjaren azalak eta olibaren irinak digestio eta balio nutrizional hobea eskaintzen dute, animalien osasuna eta produktuen kalitatea arriskuan jarri gabe», azaldu dute AZTIk ohar bidez. Laborategian eta abeltegietan egindako saiakuntza aurreratuei esker, hondakin hauek pentsu osagarri modura erabiltzea posible dela frogatu dute.
David San Martinek, AZTIko elikadura jasangarrian adituak, adierazi duenez, «elikagaien industriako azpiproduktuen erabilerak abeltzaintza sistema jasangarriago batera eramango gaitu, Mediterraneoko eskualdean gero eta handiagoa den haragi, esne eta arrautzen eskaerari erantzuteko gaitasuna izango duelarik».
Ekonomia zirkularra abeltzaintzan
Newfeed proiektuak hiru balio-kate garatu eta baliozkotu ditu, tokian tokiko baliabideak abiapuntu hartuta. Helburua argia da: ekonomia zirkularra aplikatuz hondakin-kudeaketa kostuak eta ekoizpen-gastuak murriztea, eta aldi berean produktu berritzaileak sortzea, hala nola pentsu osagarri funtzionalak.
Espainiako Estatuan, ekimena AZTIren gidaritzapean egin da, eta Neiker zentro teknologikoaren, Riera Nadeu teknologia hornitzailearen eta Bodegas Baigorri upategiaren laguntza izan du. Arabako ardi eta behi esnedunen elikadurarako mahatsaren adaxken erabilera balioztatu dute.
Bestalde, Grezian, laranjaren azaletik abiatutako proteina elikagarria garatu dute ardi esnedunentzat; eta Egipton, olibaren hondakinarekin oilaskoengana bideratutako pentsua sortu dute.
Etorkizuneko erronkak eta aukerak
San Martinek adierazi du proiektuaren etorkizuneko arrakasta «tokian tokiko baldintza tekniko, ekonomiko eta araudietara egokitzea» eskatuko duela: «Funtsezkoa izango da tokiko eragileekin lankidetza estua izatea eta erabakiak hartzeko tresna erabilgarriak eskaintzea, hala nola gida metodologikoak edo plataforma digitalak».
Newfeed ekimena Europar Batasunaren PRIMA programak finantzatu du, bi milioi euro baino gehiagorekin. Parte-hartzaileen artean izan dira besteak beste, CESFAC (Espainiako Animalientzako Elikagaien Fabrikatzaileen Konfederazioa), UAGA (Arabako Nekazari eta Abeltzainen Batasuna), Bodegas Baigorri eta Riera Nadeu.



