Azken urteotan, haurrak eta nerabeak sare sozialetan igarotzen duten denbora, edota horietan jasotzen duten edukien kontrol faltak kezka handia sortu dute gizartean. Horren harira, hainbat herrialdek jadanik neurriak hartu dituzte, eta beste batzuek muga zorrotzagoak jartzea aztertzen ari dira.
«Edukien desegokitasuna eta datu pertsonalen arriskua»
Lucile Coquelin Informazio eta Komunikazio Zientzietako irakasleak ohartarazi duenez, «oso arriskutsua da adingabeak eduki desegokietara sarbidea izatea». Bere esanetan, haurrek eta gazteek sare sozialetan topa ditzakete «diskurtso misoginoak, irudi bortitzak eta mezu erradikalak».
Gainera, Coquelinek beste arrisku bat azpimarratu du: erabiltzaileek beraiek partekatzen dituzten argazkiak, bideoak edo datu pertsonalak gero haien aurka erabil daitezkeela.
Frantziako agintarien jarrera eta nazioarteko mugak
2024ko ekainean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak adierazi zuen adingabeek sare sozialetara sartzea debekatu nahi zuela, «sare horietan ematen den jazarpenaren epidemia eta neska-mutilen arteko desorekaren aurrean». Frantziak ez ezik, beste hainbat estatuk ere pausoak eman dituzte norabide berean:
- Australian, sare sozialen erabilera 16 urtetik beherakoentzat debekatu zuten 2024aren amaieran. Neurria abenduaren 10ean sartuko da indarrean, nahiz eta aplikazioaren xehetasun asko argitu gabe dauden.
- Erresuma Batuan, uztailaren amaieran, adinen egiaztapen zorrotzak ezarri dira sare sozialetan eta bideo-plataformetan.
- Norvegian, helburua da gutxieneko adina 15 urte izatea, baina oraindik ez dute ezarpen-datarik zehaztu.
- Estatu frantsesean, 2023an onartutako lege batek 15 urterekin “adin digitala” ezarri zuen, baina ez da indarrean sartu Europako legediarekiko zalantzen ondorioz.
- Txinan, 2021etik adingabeek sareetara sartzeko identifikazio dokumentua eskatzen zaie, eta 14 urtetik beherakoek egunean 40 minututik gora ezin dute pasa TikTok-aren txinatar bertsioan (Douyin). Gainera, bideo-jokoen erabilera ere mugatua da.
Aplikazio zailak eta pribatutasunaren dilemak
Olivier Ertzscheid Nantes-eko Unibertsitateko irakaslearen arabera, neurrien benetako aplikazioa «zuzenbidearen eta teknologiaren arteko gatazkak» sortzen ditu. «Erregistroan zure adina eskatzen dizute, baina egiaztapen eraginkorra egiteko, pribatutasunean esku hartu behar da», ohartarazi du.
Zenbait aplikaziok, esaterako, Yubo sare sozial frantsesak, adimen artifiziala erabiltzen dute adina irudi bidez neurtzeko. Horretarako, Yoti enpresa britainiarraren sistemak erabiltzen dituzte, baina sistema horiek oraindik oso gutxi erabiltzen dira.
Europako Batzordeak, bestalde, adinen egiaztapenerako tresna informatiko bat jarriko du erabilgarri bost herrialdetan, tartean Espainian eta Frantzian.
Plataformen erantzukizuna
Lucile Coquelinek gogorarazi duenez, TikTok bezalako plataformek adinaren egiaztapena ezartzen dute zenbait kasutan, adibidez zuzenekoak egiteko edo zerbitzu digitalak merkaturatzeko, baina ez guztietan. Izan ere, TikTok-eko ordezkariek Frantziako parlamentuaren aurrean adierazi zuten: «Erabaki hori plataforma guztiek elkarrekin hartu behar lukete, ez bakar batek».



