Zinemagintzaren munduan aurrerapauso handia emateko asmoz, OpenAIk bere lehen animaziozkoa izango den film proiektua aurkeztu du: Critterz. Proiektu honek berezitasun bat du, eta ez da makala: produkzio prozesuaren zatirik handiena adimen artifizialaren bidez egingo dute.
Filmak basoan bizi diren izaki xelebre batzuek kanpotar baten iritsierarekin biziko dituzten gorabeherak kontatuko ditu. Istorioa 2026ko Canneseko zinema-jaialdian aurkeztu nahi dute lehen aldiz, eta ondoren zinemetan ikusteko aukera izango litzateke.
DALL-Erekin hasi zen guztia
Critterz ez da bat-batean sortutako ideia izan. Chad Nelson, OpenAIko sortzaileetako bat, DALL-E tresnarekin marraztutako pertsonaien zirriborroekin hasi zen orain dela hiru urte. Proiektu pertsonal hura animazio labur bat izatetik film oso bihurtu da. Horretarako, Londreseko Vertigo Films eta Los Angeleseko Native Foreign ekoiztetxeen laguntza izango dute. Azken hau, AIa ekoizpen tradizionalekin uztartzen aditua da.
Animazio film batek ohikoan hiru edo lau urteko lan sakona eskatzen du, baina OpenAIk bederatzi hilabetetan burutu nahi du Critterz. Horrek ekoizpen-prozesuak eraldatzeko aukera erakusten du. Gainera, 30 milioi dolarreko aurrekontua izango du filmak —Pixar edo Disneyren lan handiak baino askoz merkeagoa—. Konparazio gisa, ekoiztetxe handi horiek 150–200 milioi dolar artean xahutzen dituzte film bakoitzeko.
Giza lana, AIaren osagarri
Hala ere, ez da guztia adimen artifizialaren esku geratuko. Pertsonaiek ahotsa emango dieten bikoiztaile profesionalak izango dituzte, eta zirriborro artistikoak egiteko ilustratzaileak kontratatuko dituzte. Gidoia, berriz, Paddington in Peru filmean aritutako lantaldeak idatziko du.
Produktu zinematografikoetan AIaren erabilera gero eta hedatuago dago, eta horrek kezkak sortu ditu langileen artean. Horren jakitun, Federation Studios ekoizpen-etxeak konpentsazio eredua garatu du: produkzioan parte hartzen duten profesionalek diru-sarreren zati bat jaso dezaten.
Cannesen zain, zalantzak airean
Maiatzean Cannesen erakutsiko den filmak arrakasta lortzen badu, adimen artifizialaren erabilerak zinemaren etorkizunari buruzko eztabaida are gehiago piztuko du. Eta galdera zabalik geratzen da: langile sortzaileen rola bigarren planoan geldituko al da?


