Musika-ibilbide oso baten indarra bildu du Pettik bere lan berrian, Petti & etxeko uzta, XX ta bortz urte zuzenean diskoan. Elkar diskoetxearekin argitaratu du binilo bikoitz eta CD formatuan, eta bertan, Hondarribiko kontzertu baten energia gordetzen da, ukitu elektriko eta bizi batez. Andres Camio ‘Jitu’-k, Elkarreko arduradunak, laburbildu du lanaren esentzia: «90 minututan rock and rollaren funtsa kontzentratzen duen diskoa da».
Emozioz beteriko garaietan, kantu elektrikoak
Ez zen hasieratik Pettiren plana zuzenean grabatutako diskoa ateratzea. Hasieran estudioko lan lasaiago bat argitaratzeko asmoa zuen, baina egoera sozial eta politikoak guztiz irauli zuen asmo hura. «Munduan gertatzen ari den guztia ikusita, sarraskiak eta sufrimendua, iruditu zitzaidan ez zela momentua disko lasai bat egiteko. Nire kexa atera nahi nuen, burrunba apur bat egin, eta horretarako kantu indartsuak eta elektrikoak ziren egokienak», azaldu du.
Erabaki horren ildotik, Elkar diskoetxearekin batera hartu du beste pausoa ere: lana ez jartzea Spotify-n, «Palestinarekin elkartasunez, eta Israelgo gobernuari ematen zaizkion laguntzen aurrean».
Hondarribiko oholtza, diskoaren bihotzean
Etxeko uzta honek 17 kantu biltzen ditu, baina ez da bilduma soil bat: aurreko abestiei ikuspegi berria eta zuzeneko arnasa eman die. Lehen bi diskoetako piezak bazter utzi ditu, “akustikoegiak direlako eta lan berri honen elektrizitatearekin ez datozelako bat”.
Hiru kontzertu grabatu zituzten —Beran, Ataunen eta Hondarribian—, baina azkenean Hondarribiko emanaldia hartu dute ia osorik. «Ez genuen nahasketarik egin nahi, kontzertu osoaren indarra gordetzea zen helburua. Lehenengo saioa zen, eta soinua atera zenik garbiena izan zen», azaldu du Pettik.
“Etxeko taldea” eta lagun arteko musika
Pettiren ondoan ohiko musikariak izan dira berriz: Joseba Irazoki, Iñigo eta Igor Telletxea, eta gitarrarekin, Ruben Caballero, lan honetan “nobedadea”. Berako artistak aitortu du taldekide horiekin “etxean bezala” sentitzen dela: «Beste norbait gitarrarekin laguntzen duenean, ni lasaiago nago. Hitzak ez ahazteko ere lagungarria da hori!», esan du umorez.Gainera, Estitxu eta Jokin Pinatxo lehengusuak ere izan ditu bidelagun, eta bereziki goraipatu du haien lana: «Normalean koroetan aritzen dira, baina oraingoan estrofak ere kantatu dituzte. Eztarriak apurtzera iritsi dira, baina emaitza ikusgarria izan da».
25 urteko bide bat eta rockaren bilakaera
Lanaren izenburuak berak iradokitzen du moduan, 25 urte igaro dira Pettik lehen diskoa kaleratu zuenetik. Garai hartan, musika “parranda egiteko aitzakia bat” zela dio, baina orain bestelako zentzua eman dio ofizioari: «Denborarekin ikasi dut musika ez dela soilik ondo pasatzeko. Gure kexak adierazteko eta munduaren aurrean oihu egiteko tresna ere bada».
Horretan, rockak ere bere bilakaera izan duela uste du: «Rock and rolla maite dugunok zahartzen ari gara, eta eguneroko bizitzak ez digu lehen bezala mugitzeko aukerarik uzten. Gainera, gaur egun dena makro-jaialdien inguruan mugitzen da, eta horrek ez die laguntzen talde txikiagoei».
Kontzertuak abenduan eta urtarrilean
Diskoaren aurkezpenak abenduan hasiko dira, bandako kideen agendak bateratzeko behar izan duten denbora dela eta. Oraingoz bi data baieztatu dira:
- Abenduaren 10ean Gasteizen.
- Urtarrilaren 16an Hernaniko kultur etxean.
Musikariak argi dauka helburua: publikoarekin berriro konektatzea eta zuzenekoaren indarra partekatzea.
«25 urte igaro dira lehen oholtzara igo nintzenetik, baina oraindik ere badut burrunba egiteko gogoa», esan du irribarrez.