Ataun Koldo Kerejeta K.E.k etxean jokatuko du denboraldiko lehen neurketa. Larunbatean, urriaren 11n, 18:00etan, Tolosako Janrablue Futsal izango dute aurkari Auzoeta Kiroldegian, eta herriko taldeak ilusio handiz ekingo dio denboraldiari.
Ilusioz beteriko hasiera
Taldeak sare sozialetan zabaldu duen mezuan argi utzi du denboraldi berria irrikan hasi nahi duela: «Aiau da ligai hasiera emateko garaie! Oain arte eindako lan guztie borobiltzen hasteko lehen partidue aste hontan izango deu».
Era berean, zaleei gonbidapena luzatu diete Auzoeta Kiroldegia bete dezaten, lehen neurketa berezi bihurtzeko: «Herrin izaten ai gean harrera bikaiñe ikusita, zapatu hontan Auzoeta Arena inguratzeko gonbita zabaltzen dizeu, bai herrikoi ta baita etorri nahi don beste eoziñire!».
Etxean lehen garaipena bilatzen
Aurten txapelketan lehen urrats sendoa egitea dute helburu eta, batez ere, etxean garaipenak lortzea. Taldearen hitzetan, «Txapelketai hasiera ona eman nahi izatez gaiñ, etxen aurreneko aldiz irazteko aukerea ezteu alperrik galdu nahi!».
Herri osoa atzean
Ataungo taldea etxean arituko da lehen aldiz zaleen aurrean, eta giroa berotzen ari da herrian. Egun berezia izango da bai jokalarientzat bai zaleentzat, eta klubak iragarri du datozen egunetan taldearen inguruko xehetasun gehiago emango dituela. «Aupa Ataun!!» lelopean, Ataun Koldo Kerejeta K.E.k argi du: larunbatean herriak taldearen atzean egon behar du.