Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) pintaketak egin ditu Beasaingo CAF enpresaren barruan, enpresari kolonialismoarekin lotura zuzena egotziz. Ekintza gauzatu ondoren, sare sozialetan bideo bat zabaldu dute, non trenak pinturaz eta mezu salatzailez ageri diren. GKSen arabera, CAFek «Jerusalemen eraikitzen ari diren tren-azpiegituraren bidez palestinar lurren okupazioa eta Israelgo kolonoen asentamenduen zabalkundea ahalbidetzen du». Horregatik, pintaketak egin dituztela azaldu dute, enpresaren parte-hartzea publikoki seinalatzeko asmoz.
🇵🇸CAF enpresa seinalatu dugu Israelekin dituen harremanak salatzeko.
Jerusalemen eraikitzen ari diren azpiegituraren bidez palestinar lurren okupazioa eta israelgo asentamendu kolonoen hedapena ahalbidetzen du.
CAF kolonizatzailea!
PALESTINA ASKATU! ISRAEL DESEGIN! pic.twitter.com/GBk40AgDSK
— Gazte Koordinadora Sozialista (@GKSozialista) October 9, 2025
Koordinadorak zehaztu duenez, enpresaren instalazioetara sartuta, su-itzalgailu batean pintura bete eta horren bidez trenak zipriztindu dituzte. Gainera, spray bidezko pintaketak ere egin dituzte, euren mezu politikoak ikusgai uzteko.
Testuinguru internazionala
Ekintza hau, Palestinan bizi den gatazkaren testuinguruan kokatu du GKSk. Haren esanetan, CAFen jardunak ez du soilik jarduera ekonomiko bat ordezkatzen, baizik eta «okupazioaren eta kolonizazio prozesuaren dinamikan» parte hartzen duela irudikatzen du.