Euskal gazte batek hilean 1.564 euro garbi irabazten ditu, aparteko ordainsariak zatituta kontuan hartuta. Hala ere, kopuru horrekin emantzipatzeko bidea oztopoz beteta dago. Izan ere, hipotekaren lehen kuota ordaintzeko behar den soldata zatia (%64,2) finantza-erakundeek onartzen duten gehieneko zorpetze-muga (%30) baino bikoitza da. Alokairura jotzea ere ez da irtenbide erosoa. Bakarrik bizi nahi duen gazte batek bere soldataren erdia baino gehiago (%52,4) bideratu behar du hileroko errentara.
Emantzipazio-adina: Europako batez bestekoa baino hiru urte beranduago
Lakuaren eta Gazteen Euskal Behatokiaren Euskadiko Emantzipazioaren Giltzak txostenak erakusten du EAEn emantzipatzeko adina 29,8 urtekoa dela, Europako batez bestekoa baino hiru urte eta erdi handiagoa. Horrek esan nahi du askok ikasketak bukatu, lan merkatuan sartu eta urte luzez lanean aritu ondoren ere ezin dutela beren kabuz etxebizitza ordaindu.
Gazteen artean, emakumeak dira egoera zaurgarriena pairatzen dutenak: soldata txikiagoak dituzte eta, ondorioz, etxebizitza lortzeko zailtasun handiagoak. 2024an, 58.000 gaztek lehen etxebizitza behar zutela adierazi zuten, eta Etxebidek 37.000 eskaera jaso zituen adin-tarte horretatik.
Lan merkatuan sartzea ere ez da erraza. 16 eta 29 urte artekoen %32k lanaldi partziala dute, eta %40k aldi baterako kontratua. Egoera horrek, ikasketak luzatzearekin batera, emantzipazioa atzeratzen du eta askoren ongizate mentalean eragin zuzena dauka. Etxetik alde egin ezin duten gazteek ongizate txikiagoa baloratzen dute (6,8 puntu 10etik), emantzipatzea lortu dutenen 7,2 puntuarekin alderatuta.
Gainera, familia-proiektua ere atzeratzen ari da. 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %32k uste dute ezingo dutela seme-alabak nahi luketen adinean izan, eta joera hori are nabarmenagoa da emakumeen artean.
Erakundeen erantzuna
Adrian Lopez, Lakuako Gazteria zuzendariak, honela azaldu du: «Gazteak emantzipatzen laguntzea gure lehentasunetako bat da. Horregatik jarri genuen martxan Emantzipa laguntza-lerroa». 2024an 6.000 eskaera jaso zituen programak, eta 2025erako dagoeneko 3.000 eskaera gainditu dira.
Etorkizunera begira, beste neurri batzuk iragarri ditu: «2026an eskaera egiteko gutxieneko adina 23 urtera jaitsiko dugu, eta laguntza horri gehituko dizkiogu lehen etxebizitza erosteko abalen programa berria eta gazteen ongizate emozionala indartzeko ekimenak».