Baiko enpresak jakinarazi duenez, Beñat Senar pilotari ataundarrak bi urtez luzatu du bere kontratua. Urriaren 25ean 24 urte beteko ditu pilotariak, eta iazko azaroaren 23an egin zuen debuta profesional moduan.
Senarrek argi utzi du bere helburua zein den berritzearen ostean: «jarraipena izatea, eta orain arte emandako maila handitzen saiatzea». Bere hitzetan, azken urteko esperientziak aukera eman dio profesionalen erritmoa ezagutzeko, eta orain maila berria lortzeko pausoak eman nahi ditu.
Une honetan, B Serieko Lau t’erdiko txapelketan ari da jokatzen Senar. Aurreko ostiralean final laurdenetako ligaxkako lehen partida irabazi zuen, bere ibilbide profesionalari ilusioz jarraipena emateko seinale gisa.