Espainiako higiezinen merkatuan gero eta gehiago dira “okupatutako” etxebizitzak salmentan jartzen diren kasuak. Idealista atariaren azken txostenak erakusten duenez, salgai dauden etxebizitzen %3 okupazio-prozesuan daude. Guztira, 23.010 higiezin inguru dira egoera horretan, 2025eko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera.
Fenomenoa, hala ere, ez da modu berean gertatzen lurralde guztietan. Iparraldean, eta bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan, okupazio-tasak nabarmen txikiagoak dira. Bilbon %1 ingurura jaisten da, eta Donostian %1,7ra. Iruñean, berriz, %1etik behera dago. Aldiz, Girona (%8,9), Tarragona (%8,8) eta Sevilla (%8,4) dira egoera larriagoa duten hiriburuak.
“Justiziaren zain egoteaz nazkatuta”
Idealistaren bozeramaileak, Francisco Iñaretak, azaldu du askotan etxebizitzen jabeek ez dutela beste aukerarik izaten: «Jabe asko nazkatuta daude Justiziaren erantzunaren zain egoteaz, eta azkenean beren jabetzak prezio murriztuekin saltzera behartuta daude», adierazi du. Haren arabera, etxebizitza horien salmenta-prezioak %50 txikiagoak izan daitezke merkatuko balio erreala baino.
Iñaretak, gainera, ohartarazi du egoera honek merkatuaren funtzionamendua bera desitxuratu dezakeela:
«Arazoa gutxiesten duten mezuek merkatuaren pertzepzioa aldatzen dute, eta horrek alokairuaren eskaintza murrizten du, babesgabetasun handiagoa sortuz», esan du.
Katalunia, okupazio gehien pilatzen duen erkidegoa
Okupatutako etxebizitzen banaketa geografikoa desorekatua da. Idealistaren datuen arabera, etxebizitza “okupatuen” %39 Katalunian daude. Ondoren datoz Andaluzia (%22), Valentziako Erkidegoa (%11) eta Madril eta Murtzia (%6 bakoitza). Horrek erakusten du arazoak Espainiako hegoaldean eta ekialdean duela pisurik handiena, eta iparraldeko erkidegoetan —Euskal Herrian, kasurako— oso presentzia apala duela oraindik.
Prezioak eta segurtasuna, jokoan
Idealistaren arabera, okupazioaren ondorioak ez dira soilik juridikoak, baizik eta ekonomikoak ere. Salmenta-prezioen jaitsieraz gain, fenomenoak erosleen konfiantza ahultzen du eta etxebizitza-merkatuaren egonkortasuna arriskuan jartzen du. Iñaretaren hitzetan, «premiazkoa da jabeen eskubideak babesteko politika eraginkorrak ezartzea eta etxebizitzak berreskuratzeko bideak arintzea».



