Europara bidean diharduten milaka pertsonak ez dute soilik muga fisikoak gurutzatzen: indarkeria, ustiapena eta osasunaren urraketa sistematikoa ere jasaten dituzte. Hori izan zen Irungo Harrera Sareak antolatutako “Osasuna ibilbidean: esperientziak mugetatik” solasaldiaren muina, non hainbat lekukotzek erakutsi zuten osasuna ez dela medikuarenera joatea bakarrik, bizitzeko duintasuna berreskuratzeko borroka ere badela.
Enara Diez izan zen saioa gidatu zuena, eta hasieratik gogorarazi zuen 2024an 2.400 pertsona hil zirela Espainiako mugetara heltzen saiatzean, eta beste hainbat desagertu ere bai. Bere hitzetan, «osasuna ezin da sintomen arabera ulertu; testuinguru sozial eta politiko oso batean kokatu behar da».
“Mugak gurutzatzea da lehen zauria”
Frantziako Calaisen lan egiten dute Marie Daries eta Kay, Refugee Woman’s Center elkarteko kideek. Hango kanpamentuetan, Ingalaterrara bidean doazen emakume migratzaileekin aritzen dira, eta euren kontakizunek gogorra eta argigarria izan zuten: «Mugak igarotzea bera da lehen indarkeria; ustiapena, bortxaketa eta pertsonen salerosketa jasaten dituzte bidean», azaldu zuten.
Euren hitzetan, Calaisen iristen direnean, beldurra da nagusi: askok ez dute medikuarengana jo nahi, Poliziak identifikatuko dituelakoan edo hizkuntza ez ulertzeagatik. Dariesek eta Kayk «gune seguruak» sortzeko lan egiten dute, baina egoera ez da erraza: «Pateretan zaurituta iristen dira, itsasoko urak infekzio larriak sortuta, eta dutxarik gabe, egoera okertzen doa».
Emakume haurdunen egoerak ere kezka handia eragiten die: «Askok ez dakite umea bizirik dagoen, beste batzuek bidean erditu dira, eta medikuarenera heltzen direnean ere, askok indarkeria obstetrikoa pairatzen dute», azaldu zuten.
Ceutatik: “Indarkeria instituzionala eguneroko ogia da”
Andrey Benson boluntarioak Ceutan pasatu zuen uda, eta han ikusitakoa salatzeko hitza hartu zuen. «Egunero heltzen dira pertsonak, batzuetan hesia salto eginez, besteetan igerian», azaldu zuen. CETI zentroetan, etorkinak behin-behinean hartzeko guneetan, mediku bakarra dago helduentzat, eta adierazi zuen adin txikikoen zentroetan ez dagoela inolako osasun arretarik.
Gazteen artean ohikoak dira zauri fisikoak, infekzio dermatologikoak eta trauma psikologikoak, baina arazo larriena, Bensonen ustez, osasun mentalaren utzikeria da: «Askok auto-lesionatzera eta drogak kontsumitzera jotzen dute, laguntzarik ez dutelako; ez dago psikiatrarik haiekin lan egiteko».
“Batzuetan, besarkada bat da sendagairik eraginkorrena”
Karmele Etxeberria, Irungo Harrera Sareko kidea, 2018tik ari da migratzaileei laguntzen. Bere hitzetan, «bideak berak sortzen du estres kronikoa eta antsietatea». Irunera heltzen direnek «buruko mina, tristura edo lo ezina» izaten dute sarri. «Medikurik ez genuen, baina bai besarkadak; eta batzuetan hori ere sendagai izan daiteke», esan zuen irribarrez baina serio.
Hasieran Lakaxita gaztetxean artatzen zituztela azaldu zuen, baina espazio hori kendu ondoren «kalean ari dira, informazioa eta janaria banatzen». Horregatik, espazio egonkor eta duinak sortzeko premia nabarmendu zuen.
Etxeberriak gogorarazi zuen, gainera, «Gurutze Gorriak ez duela migratzaileen osasun arreta bermatzen, nahiz eta bere oinarrietan hala agertu». Eta ohartarazi zuen gizartean hedatzen ari diren aurreiritziez: «Askok esaten dute mugikorra dutenez ez direla hain txarto bizi, baina gailu horiek doan ematen dizkiegu familiarekin harremanetan egon daitezen. Hori da askoren bizitzari eusten dion lotura bakarra».
Itsasoaren erdian, bizirik irauteko borroka
Izaro Tranche, irundarra eta SOS Humanity erakundeko kidea, Mediterraneoan aritzen da itsas erreskateetan. Kontatu zuenez, ontzian beti daude medikua, erizaina, psikologoa eta emagina, eta askotan jasotzen dituzte hipotermia, deshidratazioa edo infekzio larriak dituzten pertsonak.
«Bidearen bukaeran gorputza zaurituta dago, baina arima ere bai. Trauma post-beldurgarriak ohikoak dira», azaldu zuen. Emagin lanetan dihardu Tranchek, eta bere zeregina argia da: «Emakumeentzako espazio seguru bat sortzea, entzuna eta errespetatua izateko aukera ematea. Indarkeria matxista eta bortxaketak errealitate gordinak dira, baina heziketa sexuala eta duintasuna berreskuratzea funtsezkoa da».
“Duintasuna itzultzea da lehen urratsa”
Azkenik, Basurtuko ospitalean lanean ari den Mbaye Gil senegaldarrak bere bizipena kontatu zuen. Duela urte batzuk Euskal Herrira iritsi zen migratzaile gisa, eta aitortu zuen: «Lehen erizainak pertsona duin bati bezala tratatu ninduen; horrek nire bizitza aldatu zuen». Bere ustez, «duintasuna ematea da lehen sendabidea».
Osasuna, eskubide unibertsala
Irungo saioan parte hartu zuten guztiek bat egin zuten mezu argi batean: osasuna ez da pribilegioa, oinarrizko giza eskubidea da, eta gaur egun, milaka migratzaileri ukatzen zaie. Horregatik, erakundeei erantzukizuna hartzeko eta indarkeria instituzionala amaitzeko eskatu zieten.
Azken mezu bat utzi zuten airean, publikoari zuzenduta: «Ez begira dezagun muga hotz baten bestaldetik; begira dezagun gizatasunaren betaurrekoekin».


