Aurtengo Highly Cited Researchers zerrendak berriro utzi du agerian Hego Euskal Herriko zientziaren maila: unibertsitate eta ikerketa-zentroetako bederatzi ikertzaile sartu dira mundu mailako zerrenda esanguratsuenetako batean. Clarivatek kudeatzen duen sailkapenak, Web of Science datuetan oinarrituta, 60 herrialdetako 7.131 zientzialari bildu ditu 2025eko edizioan.
Mundu akademikoan eragin berezia izan duten lanak dira hautaketaren oinarri. Eta aurten, gure inguruko ikertzaileek esparru zabaletan dute presentzia: adimen artifiziala, energia elektrokimikoa, biomaterialak, immunoterapia, endokrinologia, minbiziaren tratamendua eta nutrizioa.
Javier del Ser, lehen aldiz planetako nagusien artean
EHU eta Tecnalia lotzen dituen ibilbidea egin duen Javier del Ser da nobedaderik deigarriena. Konputazioaren Zientzia eta Adimen Artifizialaren kategorian ageri den Euskadiko lehen ikertzailea da aurten. Bere ibilbide zabalak —450 lan baino gehiago— ikaskuntza automatikoan eta AAren aplikazioetan jarri du fokua, zientzia eta industriaren arteko zubiak eraikiz. Bere helburua, berak nabarmendu ohi duen bezala, «adimen artifizial fidagarria eta azalgarriagoa lortzeko bideak zabaltzea» da.
Michel Armand, berrikuntza energetikoaren ikurretako batBestalde, Michel Armand CIC energiGUNEko ikertzailea seigarrenez izan da hautatua. Energiaren biltegiratzearen esparruan egin duen lan historikoa —litiozko bateria kargagarriak garatzen aitzindaria— mundu osoan erabiltzen diren teknologien oinarri bihurtu da. Bere ibilbideak 400 argitalpen baino gehiago eta 86.000 aipamen ditu.
Liz-Marzan, diziplina arteko ikerketaren ahotsa
CIC biomaGUNEko Luis M. Liz-Marzan ere ageri da berriro, urte askotan zehar bezala. Kimikan, materialen zientzian eta nanozientzian egindako ekarpenek diziplina arteko ikuspegiaren indarra erakutsi dute. 658 argitalpen eta 78.000 aipamen ingururekin, haren lanek nazioarteko komunitatean oihartzun nabarmena dute.
Minbiziaren aurkako borrokaren erdigunean
Nafarroako eremuan, immunoterapia eta minbiziaren ikerketan diharduten hainbat profesional ageri dira zerrendan. Ignacio Melero, seigarren aldiz hautatua, minbiziaren immunologiaren arloko erreferenteetako bat da, eta bere lana Oxfordeko Unibertsitatearekin uztartzen du. 390 argitalpen eta 40.000 aipamen baino gehiago pilatu ditu.
Bruno Sangro, gibeleko eta pankreako minbizien tratamenduan espezialista, eta Antonio Gonzalez, minbizi ginekologikoaren ikertzailea, bigarrenez ageri dira zerrendan. Biak dira CUN eta CCUN zentroetako figura nagusiak.
Obesitatearen ikerketaren lidergoa: Gema Frühbeck
Aurtengoa izan da Gema Frühbeck zerrendan sartu den lehendabiziko urtea. Nafarroako Klinikako Obesitate Arloko zuzendariordeak 457 lan eta 36.000 aipamen baino gehiago ditu, eta mundu mailako ahots nagusietako bat da obesitatearen fisiopatologian.
Belaunaldi berriko ikertzaileak
Zerrenda osatzen dute, halaber, minbiziaren immunoterapian espezializatutako beste bi adituk:
- Miguel Fernandez de Sanmamed, hirugarren urtez ageri dena.
- Maria Rodriguez Ruiz, lehen aldiz hautatua Weill Cornellen egindako doktoretza osteko egonaldian oinarritutako lanagatik. Erradioterapia eta immunoterapia konbinatuen ikerketan nabarmendu da.



