UEMAko (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) kide diren udalerrietan egunotan ari dira banatzen mankomunitateak urtekari moduan argitaratzen duen aldizkaria, ‘’Berripapera’’. Abendu partean kaleratzen den alea da, eta UEMAko udaletako etxeetara iristen da, etxez etxe, 154.000 aleko tiradarekin.
Banaketa horren bidez, UEMAren urteko jarduna modu zuzenean helarazi nahi zaie herritarrei, sare sozialetan eta webgunean jarraitzeko aukerak egon arren.
Paperean, herritar gehiagorengana iristeko tresna gisa
UEMAren jarduna uema.eus webgunean, sare sozialetan eta Telegram kanalean jarraitu daiteke, baina mankomunitateak nabarmendu du informazioa paperean zabaltzeak oraindik ere balio berezia duela.
Hain zuzen, herritarren zati handi batengana iristeko “ezinbesteko” bide gisa ikusten dute etxerainoko banaketa, eta helburu horrekin sortu zuten ‘’Berripapera’’: udalerri euskaldunetan euskararen egoerarekin eta UEMAren ekimenekin lotutako ildo nagusiak modu ulergarrian jasotzeko.
Urteko lana, zenbaki bakarrean bilduta
2025eko abenduko zenbakian, urtean zehar landutako hainbat ardatz biltzen dira. Besteak beste, arnasguneei buruz egindako nazioarteko konferentziaren nondik norakoak, UEMAren lurraldera batu diren zazpi udalerri berriren berri, euskararen aurkako oldarraldiaren inguruko analisia eta horrek udalerri euskaldunetan duen eragina. Horrez gain, azken epaien aurrean uztailean herriz herri egindako elkarretaratzeak ere jasotzen dira, baita UEMAko kide den udalerri bakoitzerako prestatutako koaderno demolinguistikoak ere.
Aldi berean, hezkuntza formalaren eremuan eragiteko UEMAren hiru zutabeak, ‘’Arnasetik’’ bideo-sormen lehiaketa, euskara eta kulturartekotasunaren inguruko lanketa, gazteei zuzendutako Salto! udalekuek emandakoak eta zerbitzu sektorean euskarak dagokion tokia izan dezan egindako kanpainak ere ageri dira, beste hainbat ekimenekin batera.
Ataun ere banaketaren barruan
Banaketa hori Ataunen ere egingo da, UEMAko kide den herria izanik. Horrela, etxeetara iritsiko den aleak 2025ean zehar mankomunitateak landutako norabidea eta ekimen nagusiak laburbilduko ditu, urteko jardunaren argazki orokorra eskainiz.



