Ataungo herritarrek dagoeneko eskuragarri dute konpost ondua, Sasieta Mankomunitateak eta Ataungo Udalak auzo-konpostaguneetan bildu duten materialarekin osatua. Jasotzeko tokia Botika-etxearen ondoan dagoen aparkalekuko gunean prestatu dute.
Norberak eraman behar du ontzia
Konposta jaso nahi dutenek euren zaku edo kubo propioa eta pala bat eraman beharko dute. Materiala modu librean dago eskuragarri, baina banaketa egokia bermatzeko, herritarrei arduraz jokatzeko eskatu zaie.
B kategoriako kalitatezko konposta
Sasieta Mankomunitateak jakinarazi duenez, bildutako konposta 506/2013 Errege Dekretuaren arabera B kategoriakoa da, hau da, kalitate onekoa eta nekazaritza-erabilerarako egokia.
Hondakinen kudeaketa arduratsua eta ekonomia zirkularra bultzatzeko ahaleginean kokatzen da ekimen hau, eta Ataungo Udalak eta Sasieta Mankomunitateak eskerrak eman dizkiete konpostajean parte hartzen duten auzotarrei.



