Aralarko bi natura-eremu babestuei ikuspegi bateratu bat emateko asmoz, Eusko Jaurlaritzak baliabide naturalen antolamendurako plan berria abiatu du. Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak sustatutako ekimenak urtarrilaren 31ra arteko epea ezarri du herritarren ekarpen eta alegazioetarako. Hala ere, prozesuak ez du adostasunik sortu: Landarlan Ingurumen Elkarteak prozedura eta edukia bere horretan kritikatu ditu.
Babes-figurak bateratzeko apustua
Gaur egun Aralarren bi figura juridiko gainjartzen dira: alde batetik, natura parke gisa babestuta dago; eta bestetik, Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremu gisa. Adolfo Uriartek, Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren zuzendariak, adierazi duenez, helburua da bi babestasun-moten arauak eta plangintza-tresnak dokumentu bakarrean biltzea: «Naturgune babestuen tipologiak gainjartzen direnean, ezinbestekoa da koherentzia bermatzea eta arau guztiak modu koordinatuan bateratzea».
Uriartek azaldu duenez, plan berriak indargabetuko luke 1994ko apirileko dekretua, eta, horren bidez, arau bakar batek arautuko lituzke Aralarko bi espazioak.
“Onartezina” Landarlanentzat: epe laburra eta dokumentazioa gaztelaniaz
Ebazpena jendaurrean jarri zen abenduaren 31n, eta hilabeteko epea ireki da iritziak aurkezteko. Landarlan Ingurumen Elkartearen ustez, aldiz, egutegia desegokia izan da: «Ez da ulergarria Aralar bezalako gune batean plan bat jendaurrean jartzea Gabonetan, herritar asko oporretan daudenean, eta epe labur honekin», salatu dute.
Bestetik, elkarteak kezka agertu du dokumentazioaren inguruan ere: «Planaren edukia ia osorik gaztelaniaz dago, eta hainbat mapa ere falta dira». Ondorioz, kexa ofiziala aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzaren erregistro elektronikoan, epea etetea eta edukia euskaraz jartzea eskatzeko.
Mobilizazioa erakunde gehiagorengana zabaldu dute
Kritikak erakunde gehiagorengana ere hedatu dira. Landarlanek egoeraren berri eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamenduari, Enirio-Aralar Mankomunitateari, eta baita Arartekoari, Behatokiari eta Elebideri ere. «Espero dugu Eusko Jaurlaritzak gure eskaerei erantzun arin eta egokia ematea», adierazi dute.
Ekonomia interesak natura kontserbazioaren aurretik?
Planaren edukia sakonago aztertuta, Landarlanek kezka areagotu du: bere ustez, testuak jarduera ekonomikoen lehentasuna erakusten du naturaren kontserbazioaren gainetik. «Elutxeta, Arritzaga eta Pagabera inguruan pista berriak egitea aurreikusten da, baita basoetan ere. Horrek argi erakusten du zein norabide duen proposamen honek», salatu dute.
Horren aurrean, elkarteak alegazioak prestatzen ari da, eta herritarren eskura jarriko ditu. «Aralarren inguruan diharduten eragile guztiak animatu nahi ditugu euren ekarpena egitera; erabaki hau ez baita hutsala», gaineratu dute.



