Espainiako Osasun Sistema Nazionalaren oinarrizko araudia eguneratzeko akordioa sinatu da astelehen honetan. 22 urteko geldialdiaren ondoren, Osasun Ministerioak eta SATSE-FSES, FSS-CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek Estatutu Marko berria adostu dute. Monica Garcia Osasun ministroak adierazi duenez, «bilerak luzeak izan dira eta testua konplexua, baina sinadura honekin aurrerapauso historikoa eman dugu».
Hitzartutako testuak hainbat berrikuntza jasotzen ditu: 24 orduko zaintzak 17 ordura murriztuko dira, asteko lanorduak gehienez 45 izango dira, eta bi urtean behingo oposizio eta mugikortasun-prozesu irekiak ezarriko dira. Gainera, ikerketa jarduerak arautuko dituzten kapitulu bereziak sartu dira, eta atsedenaldiak zein kontziliazio eskubideak ere aintzat hartuko dira.
Mediku sindikatuak bazterrean sentitu dira
Hala ere, ez dira sindikatu guztiak akordioarekin bat etorri. EAEko Medikuen Sindikatuko ordezkariek salatu dute ez dutela «ordezkatuta» sentitzen, eta ez dute baztertzen otsailaren 16tik hilabeteko greba egitea. Izan ere, negoziazio-prozesuan parte hartzea mugatua izan dela diote, eta atzo lortutako akordioa «akats larria» dela uste dute.
Bestetik, CESM-SMA sindikatuak jada iragarri du astean behingo lanuzteak hasiko dituela eta, gainera, hilabeteko grebak egitea aztertzen ari da medikuen estatutu propioa eskatzeko.
Monica Garcia ministroak greba-erabakia «errespetuz» hartu duela adierazi du, baina ohartarazi du «estatutu ezberdinen bidez sistema zatikatzeko arriskua» dagoela. «Kongresura eraman nahi duen sindikatuak asteartean bertan egin dezake», erantsi du.
Legebiltzarrean izapidetzeko zain
Oraindik testuak Ministroen Kontseiluaren oniritzia behar du, eta ondoren Diputatuen Kongresuan eta Senatuan tramitatu beharko da lege gisa. Garciaren hitzetan, helburua da legegintzaldia amaitu aurretik izapide guztiak amaitzea.
Sindikatu sinatzaileen ikuspegia
Akordioa babestu duten sindikatuen arabera, aurrerapen nabarmenak jasotzen ditu testuak. CCOOko Humberto Muñozek azpimarratu duenez, «sinatzaileok gehiengoz eta legitimoki ordezkatzen ditugu Osasun Sistema Nazionaleko langileak». Bere ustez, osasungintza talde-lana den heinean, eskubideak ere «modu kolektiboan» defendatu behar dira.
UGTk, bestalde, gogorarazi du akordioa «mobilizazio sindikalen fruitua» dela, eta nahiz eta testuak «ez duen arazo guztiak konpontzen», mugarri gisa baloratu dute.
CSIFek, bere aldetik, testua «osasun langileen aspalditik zain zuten hobekuntzen lehen urratsa» dela adierazi du. «Parlamentuko izapidea arretaz jarraituko dugu», azaldu du Fernando Hontangas ordezkariak, eta gaineratu du «itxaropena» dutela talde politikoek osasun langileak eta pazienteak kontuan hartuko dituztela.



