Ameriketako Estatu Batuetako segurtasun-politikaren bihotzean dago Immigration and Customs Enforcement (ICE) izeneko agentzia federala. 2003an sortu zuten Segurtasun Nazionaleko Departamentuaren barruan, baina azken urteotan, bereziki Donald Trumpen agintaldian, ikusgarritasun eta eztabaida handiena lortu duen erakundeetako bat bihurtu da.
Eraso oldarkorrak, epaile baimenik gabeko miaketak eta adingabeen atxiloketak bihurtu dira bere jardunaren ezaugarri. ICEk “segurtasun publikoa eta nazionala babestea” du helburu ofizial, baina gero eta gehiago dira haren jarduera arrazista, diskriminatzailea eta indarkeriatsua salatzen dutenak.
Aurrekontu historikoa eta gaitasun handiagoa: Trumpek ICE indartu du
2025ean, Segurtasun Nazionaleko Departamentuak inoizko aurrekonturik handiena jaso zuen: 178.000 milioi dolar, eta horietatik 8.000 milioi ICEri zuzenean esleitu zitzaizkion. Helburua argia izan zen: mugen kontrola, immigrazioaren kontrako legeak zorrotz betearaztea eta atxilotze kopurua areagotzea.
Gaur egun, 20.000 agente inguruk osatzen dute ICE, 400 bulegotan banatuta, FBIk baino langile gehiago izanik. Atxiloketa zentroetan, 73.000 pertsona baino gehiago daude espetxeraturik –aurreko urtean baino %84 gehiago–, eta horietatik %47k baino ez dute aurrekari penalik.
2026a hasi berritan, dagoeneko sei pertsona hil dira ICEren esku zeudela, eta 2025a urte beltza izan zen: 30 hildako zentroetan. Urtarrilean bertan, hainbat kasu larrik ireki dute alarma: tiroz hil zuten Renee Good eta Alex Pretti, eta bost urteko haur bat ere atxilotu zuten.
Minneapolis, protestaren sinbolo
ICEren jardunaren aurkako erreakzio handienetako bat Minneapolis hirian piztu da. Minnesota estatuan kokatua, hiria berez ez da migrazio handiko gune bat, baina ICEren presentzia itogarria bihurtu da bertan: 3.000 agente inguruk jarduten dute, tokiko polizien kopurua bost aldiz gaindituz.
Azken asteetan, bi pertsona hil dituzte agentziek hiriko kaleetan, eta herritarren erantzuna irmoa izan da: manifestazioak, greba orokorra eta auzokideen arteko zaintza sareak ICEren abusuei aurre egiteko. Mugikorrek grabatutako irudiek islatu dute gertatutako bortizkeria.
Kristi Noem Segurtasun Nazionaleko arduradunak 10.000 migratzaile atxilotu dituztela esan du, baina tokiko agintariek datu hori zalantzan jarri dute. Bestalde, Tim Walz gobernadoreak Alex Prettiren hilketaren inguruko ikerketa independentea agindu du.
Trumpen diskurtsoa: babesa ICEri eta mehatxua matxinada legearekin
Donald Trumpek ez du zalantzarik izan ICEren aldeko babesa adierazteko. «Estatuko espetxeetan dauden legez kanpoko migratzaile arriskutsuak herrialdetik kanporatu behar ditugu», adierazi du. Haren ustez, ICEko agenteak «beren burua defendatzen» ari dira.
Gainera, Matxinada Legea (Insurrection Act) aplikatzeko aukera aipatu du, eta horrek AEBko Armada estatu batean esku hartzera bidaltzea ahalbidetuko lioke, tokiko baimenik gabe. Lege hori martxan jarriz gero, 1878ko Posse Comitatus legearen debekuak indargabetuko lirateke eta indar federalek ekintza zuzenak egingo lituzkete protestak zapaltzeko.
Trumpen mezuak sare sozialetan ere oihartzuna izan du: «Gobernadoreek eta alkateek elkarlanean jardun behar dute Trump administrazioarekin, ez dezatela zatiketa eta indarkeria sustatu».
Herritarrek erantzuna ematen jarraitzen dute
ICEren jardueraren aurkako kritikak ez dira soilik kalean gelditzen. Gero eta gehiago dira erakunde, politikari eta herritarrak, agentzia federala desegin edo gutxienez murriztea eskatzen dutenak.
ICEk segurtasunaren izenean daraman politika gogorra gero eta gehiago ikusten da giza eskubideen urraketa sistematiko moduan. Eta horren aurrean, gero eta ozenago entzuten da galdera: nork babesten du benetan AEBtako herritarren segurtasuna?



