Urubiak, hontzak, mozoloak eta zatak, oharkabean igarotzen diren arren, gure inguruko basoetan eta landa-eremuetan ohikoak dira. Eguneko argitan ezkutuan igarotzen dute eguna, zuhaitzen adar, zulo edo habia-kaxetan babesturik, baina gaua iristearekin batera, ehiza-izaki trebe bihurtzen dira: begi handiak, entzumen zorrotza eta hegaldatzeko lumaje isila dituzte, harrapari eraginkor bilakatuz.
Hitzordua Barandiaran Museoan
Naturaren misterio hauetan sakontzeko aukera izango da otsailaren 7an, larunbatez, Ataungo Barandiaran Museoan, 18:30ean. Nerea Pagaldai biologoak, doktoretza ikerketan murgilduta dagoen adituak, saio berezia eskainiko du.
Pagaldai urubien portaera eta habitataren inguruko ikerketa egiten ari da, hirigune eta landa-eremuen arteko desberdintasunak aztertuz. Zentsuak egiteaz gain, animalien jarraipena egiten du markaketa eta radiotracking teknikaren bidez.
Teoria eta praktika, bat eginik
Saioa bi zatitan banatuko da: lehenik, hegazti harrapari gautarren ezaugarri orokorrei buruzko azalpen dinamikoa jasoko dute parte-hartzaileek: orientazioa, ernaltze-zikloa, espezie ezberdinak, eta abar. Ondoren, behaketa-ibilaldia egingo da inguruko naturaguneetan, hegazti hauen kantuak eta banakoak bilatzeko asmoz.
Ibilaldia zailtasun handirik gabekoa da eta herritar guztientzat egokia. Parte hartzeko izena ematea derrigorrezkoa da, plazak mugatuak baitira. Prezioei dagokienez, helduek 6 euro ordainduko dute, eta 12 urtetik beherakoek 4 euro. Parte-hartzaileei linterna edo frontala eramatea gomendatzen zaie.
Informazioa eta izen-ematea
Interesa dutenek informazio gehiago eskuratu edo izena emateko aukera dute:
- 943 180 335 / 688 895 069
- barandiaran@gipuzkoanatura.eus
- www.gipuzkoanatura.eus



