Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak kalera ateratzeko deia egin du otsailaren 29rako, PPren jarrera salatzeko. Manifestazioak eguerdiko 12:00etan izango dira Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean, PPren egoitzen aurrean.
Alderdi popularrak, Vox, Junts eta UPNrekin batera, atzo Diputatuen Kongresuan pentsioen igoeraren kontra bozkatu zuen. Erabaki horrek hautsak harrotu ditu pentsiodunen artean.
«Eskubideak ez dira merkantzia»
Mugimenduaren iritziz, bozketa hori «onartezina» da, eta alderdien arteko negoziazio politikoetan pentsioak trukerako erabiltzeari erabat uko egiten diote: «Lotsagarria da eskubide hori trukerako txanpon gisa baliatzea», salatu dute ohar batean. Halaber, argi utzi dute ez dutela onartuko lortutako eskubideetan atzerapausorik, eta iragarri dute «pentsiodunen haserreak kaleak beteko dituela berriro».
Aldarrikapen nagusiak: errebalorizazioa, ordainsaria eta parekatzea
Egoera horren aurrean, hainbat neurri zehatz eskatu ditu mugimenduak. Batetik, pentsioen errebalorizazio automatikoa eta urte amaierako ordainsaria berreskuratzea, erosahalmena bermatzeko. Bestetik, gutxieneko pentsioak lanbidearteko gutxieneko soldataren mailara parekatzea, «genero-arrakala eta diru-sarrera urritasuna kronifikatu ez daitezen».
Gaur egun, Hego Euskal Herrian 220.069 pentsiodunek —168.966 EAEn eta 51.103 Nafarroan— jasotzen dute gutxieneko soldatatik beherako pentsioa, haien datuen arabera.
Kongresuaren menpeko sistemaren aurka
Pentsiodunek salatu dute urtero Kongresuan egiten den bozketa batek baldintzatu ezin duela bizitzako eskubide bat: pentsio duin bat jasotzea. Sistema egonkor eta justu baten aldeko apustua egiten jarraitzen dute, eta horregatik iragarri dute presioa egingo dutela, kaletik eta gizartearen babesarekin.



