Pedro Sanchez Espainiako presidenteak iragarri duenez, Gobernuak sare sozialetarako sarbidea debekatuko die 16 urtetik beherakoei, eta plataforma digitalen kontrola areagotzeko lege-neurri berriak ezarriko ditu. Joan zen astean Dubain egin zen Gobernuen Munduko Gailurrean egin zuen iragarpena, munduko hainbat estatubururekin batera.
Helburua: ingurune digital osasungarriagoa
Sanchezek adierazi duenez, beharrezkoa da plataforma digitalak ingurune osasungarri bihurtzea, eta horretarako, Gobernuak lege-proiektu berri bat onartuko du datozen egunetan. Proiektu horren bidez, 16 urtetik beherako adingabeei sare sozialetara sartzea debekatuko zaie, Frantziako Estatuan eta Australian jada indarrean dauden neurriak hartuta eredutzat.
Hala, Plataforma Digitaletan Adingabeak Babesteko Legearen proiektuan artikulu berri bat sartuko da, eta plataformek sarbidea eragozteko kontrol-neurri errealak ezarri beharko dituzte.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan ere aplikatuko da
Neurriak behin martxan jartzen direnean, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian bizi diren 16 urtetik beherako gazteek ezingo dute sare sozialetara sartu, Frantziako Batzarrak ere antzeko arauak onartu dituen heinean, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean 15 urtera mugatuta egongo da erabilera.
Plataformen erantzukizuna eta algoritmoen manipulazioa
Sanchezek zehaztu du plataforma digitaletako zuzendariek erantzukizun penalak izan beharko dituztela beren sareetan gertatzen diren urraketen aurrean. Era berean, algoritmoen manipulazioa eta eduki ilegalen zabalkundea zigortuko duen lege-egitura prestatzen ari da Espainiako Gobernua.
«Eduki hauek ez dira berez sortzen, baizik eta aktore jakinek sortzen eta algoritmoren bidez zabaltzen dituzte, irabazi ekonomikoen bila», adierazi du Gobernuak. Horregatik, Zigor Kodea aldatuko da, eta Lege Organiko berri bat eramango da Kongresura.
Era berean, Grok, TikTok eta Instagram plataformen jokabide legalak ikertzeko aukerak aztertzen ari dira Fiskaltzarekin batera.
“Gorrotoaren eta polarizazioaren aztarna” identifikatzeko sistema berria
Sanchezek beste neurri bat ere iragarri du: “gorrotoaren eta polarizazioaren aztarna” neurtzeko eta identifikatzeko sistema bat jarriko da martxan. Horren bidez, plataformen eta algoritmoen jarduera aztertu eta ranking publiko bat sortuko da, non agertuko diren ingurune digital osasuntsuenak eta toxikoenak.
AI bidezko eduki sexualizatuen aurkako “tolerantzia zero”
Gobernuak iragarri du AI bidez sortutako adingabe sexualizatuen edukiak plataformetan agertuz gero, tolerantzia zero aplikatuko dela. Horretarako, Fiskaltzaren lana indartuko da eta justiziaren jarduera bultzatuko da eduki horiek detektatzen direnean.
Musk-en erreakzio zakarra
Neurrien aurrean, Elon Musk teknologia-magnateak erantzun gogorra eman du X sare sozialean, non Pedro Sanchez “dirty” deitu eta “tirano” gisa kalifikatu duen. Grok proiektua ikertuko dutela jakinarazi ondoren egin ditu adierazpen horiek.
Eusko Jaurlaritzaren erantzun kritikoa
Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak distantzia hartu du iragarpenaren aurrean. Nerea Melgosa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikorako sailburuak adierazi duenez, «Eusko Jaurlaritzaren agendan pantailen eta ongizate emozionalaren inguruko eztabaida» dago, eta estrategia integral bat lantzen ari dira, «erantzun sinple eta isolatuez harago» joateko asmoz.
«Ez da soilik debekatzearen edo ez debekatzearen kontua, baizik eta testuinguruan kokatu beharrekoa», azaldu du Melgosak. «Ongizate emozionaletik abiatuta» landu behar dela iritzi dio, eta «aldagaien aniztasuna kontuan hartuta» erantzun egokiak bilatu behar direla nabarmendu du.



