Pedro Sanchezek 16 urtetik beherakoek sare sozialetarako sarbidea debekatzeko eta algoritmoen manipulazioa delitutzat jotzeko asmoa iragarri zuenetik, hainbat erreakzio sortu dira nazioartean. Horietako bat Telegram mezularitza-aplikazio ezagunaren sortzailea da, Pavel Durov, zeinak erabiltzaileei zuzenduriko mezu batean ohartarazi baitu Espainiako Gobernuak «interneten askatasuna mehatxatzen duten neurri arriskutsuak» hartu nahi dituela.
«Zentsura, kontrol masiboa eta anonimatuaren amaiera»
Duroven mezua zuzena eta argia izan da: «Pedro Sanchezen Gobernuak interneteko zuen askatasunak arriskuan jartzen dituzten araudi berriak bultzatzen ari da. Atzo bertan iragarritako neurriek Espainia zaintza-estatu batean bihur lezakete, babesa aitzakia hartuta».
Telegramen sortzailearen arabera, ez da haurrei buruz soilik ari. «Plataformei kontrol zorrotzak eskatzen dizkiete, hala nola NAN edo biometria eskatzea, eta horrek erabiltzaileen identitatea sistematikoki jarraitzea ahalbidetuko luke. Anonimatua ezabatu eta datuen bilketa masiborako ateak zabalduko lirateke», salatu du. Gainera, ohartarazi du: «Haurrekin hasten dena guztioi zabal daiteke, eztabaida irekia itoz».
Zentsura-arriskua eta algoritmoen kontrola
Durovek kezka agertu du sare sozialetako arduradunentzat aurreikusten diren erantzukizun penalengatik ere. «Zentsura areagotuko dute, inolako arriskurik ez hartzeko. Eduki polemikoenak ezabatuko dituzte eta horrek disidentzia politikoa, kazetaritza kritikoa eta eguneroko iritziak isilaraz ditzake», nabarmendu du.
Horrez gain, algoritmoen bidezko edukiaren zabalkundearen muga berriak ere gaitzetsi ditu: «Gobernuek erabakiko dute zer ikusiko duzun, eta horrek estatuaren esku egongo diren errealitate paraleloak sortzea ekar lezake».
«Oposizioa isilarazteko tresna»
Telegrameko mezuan Durovek adierazi du, halaber, gorrotoa eta polarizazioa neurtzeko mekanismo berriak erabiltzea arriskutsua izan daitekeela. «‘Gorrotoaren’ definizio lausoek Gobernuaren aurkako kritikak etiketatu ditzakete, eta horrek plataformen itxiera edo isunak ekar ditzake. Oposizioaren aurkako zapalkuntza-tresna bihur daitezke», esan du.
«Zuen pribatutasuna lehenesten dugu»
Durovek erabiltzaileei dei zuzena egin die: «Hauek ez dira segurtasun-neurriak; kontrol oso baterako urratsak dira. Telegramen, pribatutasuna eta askatasuna lehenesten ditugu: zifratze sendoa, atzeko ate barik eta gehiegikerien aurkako erresistentzia».
«Egon zaitezte adi, Espainia. Eskatu gardentasuna eta borrokatu zuen eskubideen alde. Partekatu hau zabal-zabalik — ez dadila berandu izan», esanez amaitu du mezua.
Pedro Sanchezen erantzuna
Espainiako Gobernuko presidenteak ironiaren bidez erantzun dio Duroven salaketari, sare sozialen bidez. «Utzi tekno-oligarkak zaunka egiten, Sancho, hori da gure zaldiketa seinale», idatzi du, Miguel de Cervantesen pasarte ospetsu bat moldatuz.



