Aisialdi hezitzaile, euskaldun eta inklusibo baten aldeko apustua egin dute HUHEZIk, Oinherrik eta Uda Lekuk. ‘Aisia hezitzaile, euskaldun eta inklusiboa elkarrekin eraikiz’ izeneko proiektua abiatu dute urtarrilaren 31n, eta Euskal Herriko hainbat herrik parte hartuko dute hurrengo sei hilabeteetan zehar.
Herrietako egunerokoari begira
Agurain, Hernani, Lesaka, Lekeitio, Markina, Sopela, Ziburu, Errenteria eta Oarsoaldeko mankomunitateak dira egitasmoan murgilduta dauden herriak. Helburua da tokian tokiko aisialdi eskaintza aztertzea, eta baloratzea zenbateraino diren eskaintza horiek hezitzaileak, euskaldunak eta inklusiboak.
Horretarako, marko teoriko bat eta adierazle sistema bat garatu dituzte, udal eta aisialdi eragileen laguntzaz, aurrera begira hobekuntza planak martxan jarri ahal izateko.
Gazteen parte-hartzea, ezinbesteko osagai
Haurren eta nerabeen iritziak jasotzea funtsezkotzat jo dute sustatzaileek, eta horretarako parte-hartze dinamika bereziak prestatu dituzte. Izan ere, erabiltzaileei egokitutako eskaintza eraikitzeko, ezinbestekoa da haien ikuspegia kontuan hartzea: «Umeen eta nerabeen ahotsa ezinbestekoa da» adierazi dute.
Sarean ikasi, elkarrekin eraiki
Proiektuak, gainera, herrien arteko saretzea ere sustatu nahi du, eta horretarako hiru topaketa nagusi egingo dira. Ekimena baliatu nahi dute Euskal Herri mailan aisialdiaren inguruan dauden kezka komunak identifikatzeko, baita elkarrengandik ikasteko eta esperientzia onak partekatzeko ere.
Horrez gain, HUHEZIk mugaz gaindiko sare-lanen metodologia ikertuko du, lankidetza eredu eraginkorrak sistematizatzeko helburuarekin.
Elkarlanean oinarritutako egitasmoa
Egitasmo hau Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI), Oinherri sareak eta Uda Leku elkarteak elkarlanean sustatu dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren IDEIAk programaren babesa jaso du.
Proiektua ekainaren 6an amaituko da, Ziburun egingo den topaketa batean, eta bertan parte hartzaileek ibilbidean zehar jasotako emaitzak eta hausnarketak elkarbanatuko dituzte.



