69.edizioak banatu du aurtengo lehenengo Donostia Saria. Atzo Kursaaleko K1 aretoan, hasiera ekitaldiaren barnean, Marion Cotillard aktore frantsesak jaso zuen saria. Aktore modura ibilbide luzekoa da, bai Frantzian eta baita Hollywooden ere. Parte hartutako filmen artean “Taxi”, “Big Fish” eta emakumezko aktore hoberenaren Oscar Saria irabazteko aukera eman zion “La Môme” (“La Vida en Rosa”, gaztelaniaz) aurkitzen dira, besteak beste.
Cotillardek eskerrak eman nahi izan zizkion Zinemaldiari bere ibilbide zinematografikoaren etapa berrian laguntzeagatik. Modu horretan, Flore Vasseurrek zuzendutako “Bigger Than Us” dokumentalean ekoizle bezala egindako estreinaldiari erreferentzia eginik. Victoria Eugenia Antzokian aurkeztuko du, besteak beste, klima aldaketaren eta migrazio krisiaren aurka borrokan ari diren mundu osoko gazte aktibisten filma.
Zinemaldiaren antolatzaileek ez zuten argitu nor izango zen saria emango zion pertsona, eta bazirudien Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria izango zela eginkizun horren arduraduna. Beraz, Penelope Cruz agertokian agertu zenean, Marion Cotillarden erreakzioa poz eta harridura handikoa izan zen. “Ez nuen espero, asko maite dut emakume hau”, esan zuen sarituak aktore madrildarrari buruz. Duela hamar urte baina gehiago Nine filmaren grabaketan parte hartu zuten biek.