Zinemaldian ospatu den ‘Akelarre’ ren VII. Ikus-entzunezkoen sektoreak bizi duen egoera korapilatsuaren aurrean, pandemiaren ondorioz izandako galera handien aurrean, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria eta Alfonso Benegas EZAEko (Euskadiko Zinema Aretoen Elkartea) presidentea bat etorri dira erakustaldiaren sektoreari laguntzearen garrantzia azpimarratzean, bai eta ikus-entzunezko sektorearen balio-katea osatzen duten eragile guztien arteko lankidetzaren beharra ere, egungo egoera zailari aurre egiteko.
Koldo Zuazuak eta Iker Ganuzak, ‘Akelarre’ saioko ekoizleek, talde osoaren izenean jaso dute saria, eta euskal erakusleen aldetik jasotako babesa aitortu dute; izan ere, “Euskadiko filma fenomeno bat izan da; erreferentzia zinematografiko bat pandemia garaian”. 2020ko euskal ekoizpenen artean, Pablo Aguerok zuzendutako filma saritzea erabaki du EZAEk, “Euskal zinemagintzari egindako ekarpenagatik, leihatilan izandako arrakastagatik, egindako ibilbideagatik eta kalitate handiagatik”.
Rebordinosek, bere aldetik, euskal zinemak bizi duen “une ona” azpimarratu du, eta Zinemaldiak zinema aretoetan proiektatzeko duen “konpromisoa” berretsi du, “Bereziki une zail hauetan”, eta Zinemaldiko publikoari “urte osoan zehar zinemara joaten jarraitzeko” deia egin dio.
Era berean, EZAEko presidenteak azpimarratu du 2020an “Euskal film handi ugari” izan zirela, hala nola ‘Ane’, ‘Hil kanpaiak’, ‘Urtzen’, ‘Non dago Mikel?’, ‘Erlauntza’, ‘El Drogas’, ‘Hijos de Dios’ eta ‘Caminho Longe’, besteak beste, baina azkenean ‘Akelarre’ aukeratu dutela esan du, eta ‘Akelarre’ dela “zifra ugari” lortu dituela. Gainera, pandemiaren garaian aretoen aldeko apustua egin duten banatzaile guztiei eskerrak eman dizkie Benegasek.