Greenpeace erakunde ekologista nazioartekoak energia fosilen enpresa handiei zerga berriak ezartzeko eskatu du, martxoan izandako tenperatura igoerak ikusita. Izan ere, Europan azken martxoa inoiz neurtu den beroena izan da, eta mundu mailan bigarren beroena.
Erakundearen klima-kanpainen arduradun Thomas Gelinek argi utzi du: «Europako gobernuek petrolio eta gas-erreserba berriak bilatzeko baimenak geldiarazi behar dituzte, eta erregai fosilen proiektu guztiak debekatu. Shell, TotalEnergies, Equinor edo ENI bezalako enpresek zerga berrien bidez klima-krisi honen kostuak ordaindu behar dituzte».
Komunitateen berreskuratze iraunkorra
Greenpeacek proposatu du zerga berrietatik jasotzen den dirua Europako eta munduko komunitate kaltetuak berreskuratzeko erabiltzea. Bere esanetan, «hondamendi klimatikoen ondoren komunitateek euren burua berreraikitzeko eta konponbide iraunkorretan inbertitzeko erabili behar dira baliabide hauek».
Martxoa, inoizko beroena Europan
Copernicus Klima Aldaketaren Zerbitzuaren (C3S) azken txostenaren arabera, martxoko batez besteko tenperatura globala 14,06ºC-koa izan da, 1991-2020 bitarteko batez bestekoa baino 0,65ºC handiagoa, eta industria-aurreko garaiko maila baino 1,60ºC handiagoa.
Historian erregistratutako martxorik beroena, halere, 2024koa izan zen, 14,14ºC-ko batez bestekoarekin. Europan, berriz, aurtengo martxoko tenperatura 6,03ºC izan da; hau da, azken hamarkadetako batez bestekoa baino 2,41ºC altuagoa, eta inoiz erregistratutako tenperaturarik altuena izan da.
Udaberria uda bihurtzen ari da
Greenpeacek ohartarazi du Europan udaberri gero eta beroago hau udako muturreko fenomenoen iragarle izan daitekeela. «Europa bero-uhinak eta baso-suteak pairatzeko bidean egon daiteke, muturreko fenomeno horiek gero eta larriagoak izanik», adierazi du erakunde ekologistak.
Gelinek gogorarazi duenez, «herritar europarrek ezin dute bakarrik ordaindu energia kutsatzaileen jarduerak eragiten duen kaosa». Zentzu horretan, Greenpeacek behin eta berriz eskatu du «arduradun handienek beren jokabideagatik ordain dezatela, eta Europako erakunde publikoek neurri zehatzak har ditzatela krisi klimatikoaren ondorioak murrizteko».



