Gaur egungo mundu digitalean, informazioaren gehiegizko kontsumoa arrunta bihurtu da. Sare sozialetan etengabe murgilduta bizi gara, edukien artean scroll egitea ohitura inkontziente bihurtu delarik. Eta horixe da, hain zuzen ere, “Brain Rot” kontzeptuak salatzen duena.
Oxford Unibertsitateak urteko amaieran aurkezten duen txostenean, 2024ko hitzik esanguratsuena aukeratzerakoan “Brain Rot” izendatu du garaile. Beren definizioaren arabera, horrek adierazten du kalitate eskaseko eduki digitalen kontsumo masiboak gure gaitasun kognitiboetan eragin kaltegarria duela, adibidez, kontzentrazioa, arreta edo informazioa prozesatzeko ahalmena murriztuz.
Sare sozialen logika: edukia edukia gainean, baina ezer gogoan ez
Jende askok orduak pasatzen ditu TikTok, Instagram edo YouTube bezalako plataformetan, eduki laburren bidez entretenitzen. Sarritan, hauek ez dute inolako balio pedagogikorik edo informaziorik eskaintzen, baina, hala ere, gure arreta guztia harrapatzen dute.
Horren ondorioz, ikasle askok zailtasunak dituzte edukietan sakontzeko, eta horrek ondorio zuzena du ikasketetan. Horri aurre egiteko, tresna berriak agertu dira: apunteak TikTok bideo bilakatzen dituen aplikazio bat, esaterako, azken asteetan biral bihurtu da. PDF formatuan dauden edukiak bideo bihurtzen dira, eta pantailan jolaseko irudiak jartzen dira atzean (Minecraft, Mario Kart edota Subway Surfers), ikuslearen arreta mantentzeko.
Ohitura digitalek gure burmuinean uzten duten arrastoa
Adituek ohartarazi dute: “Brain Rot” ez da pasako modako kontzeptu bat, baizik eta eguneroko ohituren ondorioz sortutako arazo kognitiboaren sintoma argia. Eta, gainera, oraindik ez da ezagutzen luzaroko eragin osoa. Loarekin arazoak, arreta jaitsiera edota nekea dira lehen seinaleetako batzuk.
Hori dela eta, geroz eta gehiago dira teknologia kontzienteki erabiltzea aldarrikatzen duten ahotsak. Pantaila denboraren kudeaketa, deskonexiorako tarteak bilatzea eta eduki kalitatezkoen aldeko hautua egitea dira lehen pausotzat hartzen diren neurriak.



