Baionako erdiguneko terrazek ez dute orain arteko askatasun estetiko bera izango. Udalak 2019an diseinatutako “terrazen karta” eguneratu eta martxan jarriko du urrian, eta helburua argia da: espazio publikoaren erabilera ordenatzea eta hiriaren nortasun arkitektonikoari eustea. Pandemiak atzeratutako dokumentua orain berreskuratu dute, eta mugak eta baldintza zehatzagoak ezarri dituzte ostalarientzat.
Araudi berriak muga estetiko zehatzak jartzen dizkie kaleetako terrazetan jartzen diren elementuei: ez da onartuko, esaterako, aluminio distiratsuko mahairik, kolore bizi biziko toldorik edo publizitatez betetako euskarri handirik. Baionako estiloari atxikita egon behar dute erabiliko diren altzariek eta babesteko egiturek.
Herriko Etxeak azpimarratu du “hiri irudi bateratua” nahi dutela eta “elementu funtzional baina diskretuak” lehenetsiko dituztela. Kolore paleta bat ere ezarri da, eta toldoek —ezinbestean— irizpide horiek bete beharko dituzte. Gainera, ez dira leku guztietan baimenduko: Errobi ondoko eraikin batzuek bakarrik izango dute eskubidea mahai altuak edo barrikak jartzeko.
Ostalarien artean zalantzak eta kexak
Batzuek neurriak beharrezko eta ulertzeko modukoak jotzen badituzte ere, beste askok neurrien zorroztasuna eta malgutasun eza salatu dute. Horien artean da Xina Dulon, Cafe des Pyreneeseko arduraduna: «Orain dela bi urte arauak bete genituen eta guztia berritu genuen, 30.000 euroko inbertsioarekin. Orain berriz aldatzea eskatzen digute. Ez da logikoa».
Beste kasu batean, toldo baten onarpena atzera bota izanak sortu du haserrea. Nicolas Berniolles, Guernika izeneko ostatuko jabea, kexu agertu da: «Toldoa 2019an onartu ziguten, eta ondoren moztu behar izan dugu. Orain ez da onartzen. Euria egiten duenean, ezin dira platerak kalera atera. Guztia aldatzea ez da guztientzat erraza».
Epea eta kontrolak: irailaren amaiera muga
Udalak irailaren 30era arteko epea eman du ostalariek beraien instalazioak egokitzeko. Hortik aurrera, ikuskatzeak egingo dira eta arauak betetzen ez dituztenei neurriak ezarriko zaizkie. Araudi berria ostalaritza eta merkataritza elkarteekin adostuta garatu dute.