Osasun Mahaiaren ostiral honetako bilerari begira, EH Bilduk argi utzi du: ez da garaia itunak presaka ixteko. Koalizioak uste du “benetako eztabaida egiteko” unea dela, eta ez edukiak bigarren planoan utzita komunikazio-irudia nagusitzeko.
Pello Otxandiano bozeramaileak Bilbon egindako agerraldian aurkeztu du Jaurlaritzaren dokumentuari egin dioten zuzenketa, eta azaldu du EH Bilduren helburua dela «osasun sistema publikoa indartzea, zerbitzuak bitarteko propioekin ematea lehenetsiz eta egiturazko arlo kritikoak kalitatearen eta ekitatearen printzipioetara egokituz».
Harreman publiko-pribatua, eztabaidaren erdigunean
EH Bilduren arabera, Osakidetzaren etorkizunerako gakoetako bat da osasun sistema publikoaren eta sektore pribatuaren arteko harremana nola definitzen den. Horregatik, zuzenketaren puntu nagusiak horri lotuta daude:
- Zerbitzu publikoen inbentario osoa egitea, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren laguntzaz.
- Zerbitzuak ekoizteko sektore pribatuarekin sinatutako kontratu guztiak aztertzea, kostuak, kalitatea eta irisgarritasuna neurtuz.
- Zerbitzuen kanporatzea baimentzeko irizpide zorrotzak ezartzea, erabakiak modu garden eta partekatuan hartuz.
- Zerbitzu publikoen integrazio-plana ezartzea, osasun- eta osagarri-arloetan.
- Administrazioaren gaitasun publikoa indartzea, plangintzan eta kontratazioan.
EH Bilduren aburuz, ez da nahikoa alde edo aurka egotea
Koalizioaren ustez, ezin da eztabaida ponentzia bakarrean laburbildu. Otxandianok azaldu duenez, «itunaren alde edo kontra egotea ez da nahikoa. Gai bakoitza bere aldetik eztabaidatu eta bozkatzea ezinbestekoa da». Bereziki, bi puntu azpimarratu ditu EH Bilduk “desadostasun nagusien erdigunean”: harreman publiko-pribatua eta Zerbitzuen Zorroa.
Kritikak Eusko Jaurlaritzari
Otxandianok salatu du Jaurlaritzak “komunikazio plan bat” baino ez duela martxan jarri, eta Osasun Ituna «lan-urte amaieran saldu nahi izatea» egotzi dio. Halaber, esan du «edukiak behar bezala lantzeko epeak eta baldintzak ez direla bete», eta hori dela eta, parte-hartzaile asko «haserre» daudela.
Presarik gabe, baina erabakitasunez
Aste honetako bileraren emaitzaz galdetuta, EH Bilduk adierazi du ez duela “bertigorik ez itunean egoteko ezta ez egoteko ere”. Nolanahi ere, Otxandianok berretsi du eztabaidak baldintza egokietan egin behar direla: «Ez dago presarik. Uztailean nahikoa denbora dago jarrerak argitzeko eta edukiak sakontasunez lantzeko».