Gernika-Palestina herri ekimenak mobilizazio berriak antolatu ditu egoeraren larritasuna salatzeko. Ostiral honetan, irailaren 5ean, kazeroladak egingo dira hainbat herritan, eta Ataunen ere herritarrak kalera deitu dituzte.
Ataungo herritarrek elkartasuna adierazteko aukera izango dute ostiral arratsaldean. Udaletxe aurrean egingo da bilkura, 19:00etan, San Martingo plazan. Herriko plazan elkartzera deitu dute antolatzaileek, ahots bateratuan Palestinaren alde egiteko.
Ekimenaren antolatzaileek gogorarazi dute helburua dela «Palestinaren kontrako erasoak eta genozidioa salatzea, eta elkartasun oihua Euskal Herritik ere entzunaraztea». Kazeroladak, diotenez, erresistentziaren eta babes kolektiboaren adierazle izango dira.



