Ataungo gazteek aukera izango dute beren iritziak, kezkak eta proposamenak mahai gainean jartzeko, iraileko bi eguneko topaketa berezi batean. Ataungo Udalak deitu du ekimena, helburu argi batekin: gazteen parte-hartzea sustatu eta herria beraiek nahi duten norabidera bideratzea.
«Zure herrian erabakiak hartu nahi dituzu? Etorkizuna eraldatu nahi duzu? Proposamenak sortu nahi dituzu?» galdetzen du ekimenaren kartelak, gazteak parte hartzera animatuz.
Gazteen ekarpenak, herriaren oinarri
Ekintza hau “Herrian batera” izeneko dinamikaren baitan kokatzen da, eta 16 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Parte hartzaileek aukera izango dute beste gazteekin elkarlanean jarduteko, beren herriarentzat amesten duten etorkizunaren inguruan hausnartu eta proposamenak egiteko.
Topaketak bi egunetan banatuko dira:
- Irailak 12, ostirala, 17:00etatik 19:30era
- Irailak 13, larunbata, 10:00etatik 13:00etara
Bi saioak Udaletxeko ganbaran egingo dira.
Herrigintzan pausoa emateko aukera
Udalaren esanetan, «gazteen ahotsa entzun, hausnartu eta kontuan hartu nahi da», eta horretarako, elkarlana eta proposamen partekatuak sustatuko dira. Parte hartzeko, QR kode baten bidez izena eman daiteke, kartelean bertan ikusgai dagoena erabilita.
Ekimen honek, besteak beste, gazteen aktibazioa, konfiantza, eta herrigintzan parte hartzeko sena indartu nahi ditu. Parte hartzaileek beren ideiak partekatu ez ezik, elkarren artean eztabaidatu eta proposamen zehatzak ere landuko dituzte.