Gaur egun, Internet gabe eguna hasteko gai direnak gutxi dira. Mugikorrari begiratzea, sare sozialak irekitzea edo eguraldiaren iragarpena begiratzea lehen ordutan ohiko bihurtu zaigu, eta horretarako, wifi sare sendo bat edukitzea funtsezkoa da.
Bidaian gaudenean, doako konexioen bila ibiltzen gara; etxean, berriz, kontratatutako zerbitzu ona izan arren, askotan wifiaren kalitatea ez da nahi bezain ona izaten. Horregatik jartzen dira askotan errepikagailuak, baina lehen pausoa beti izan beharko litzateke: routerraren kokapena aztertzea.
Zer kontuan hartu routerra jartzerakoan?
Seinalea etxe osoan modu eraginkorrean banatu dadin, hainbat faktore hartu behar dira kontuan. Hona hemen gomendio nagusi batzuk:
- Kokapen estrategikoa: Routerra ahal den neurrian etxearen erdialdean edo Interneta gehien erabiltzen duzun gunean jarri. Izkina batean edo kanpoko pareta baten ondoan egoteak seinalea murrizten du.
- Altueran egon dadila: Lurrean baino, mahai baten gainean edo apal batean kokatuta hobeto funtzionatuko du, wifi uhinak aldeetara eta beherantz hobeto hedatzen baitira.
- Ez oztoporik, ez kutxarik: Ez jarri altzari handien, hormigoizko pareten edo ispiluen ondoan, eta are gutxiago armairu baten barruan. Seinalea aske zabaltzeko, aire librean egon behar du.
- Gailu elektronikoetatik urrun: Mikrouhin-labeak, haririk gabeko telefonoak edo kontsolak interferentzia sor dezakete. Horregatik, gailu horietatik ahalik eta urrunen egotea komeni da.
Konexio hobe baterako lehen pausoa: kokapena
Routerraren leku egokia bilatzea konexioaren kalitatea hobetzeko modurik errazena eta merkeena da. Eta emaitzak ez badira espero bezain onak, orduan bai, baliteke errepikagailu bat edo mesh sistema bat kontuan hartzea.
Zure Internetaren abiadura eta egonkortasuna ez da beti operadorearen ardura: etxe barruko kokapen logiko eta arduratsu batek askotan aldea markatzen du.
Eta zuk, non duzu jarrita routerra?
Ea gomendio hauek jarraituz hobekuntzaren bat nabaritzen duzun! Konexioa azkarragoa izatea agian ez dago beti zure esku, baina zure etxeko wifi-seinalea hobetzeko ahalegina bai, eta askotan, horixe da gakoa.