NASAren arabera, bizitza mikrobiarraren arrastoak egon litezke Marteren iraganeko arroka batean. Hala adierazi dute erakundeko zientzialariek asteazken honetan Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Perseverance zundak 2024ko uztailean jaso zuen lagina, Marteko antzinako ibai-ohe batean, Neretva Vallis izeneko bailaran.
Aurkikuntza historikoa izan daitekeen seinalea
«Gure Perseverance zundaren aurkikuntza hau da inoiz izan dugun aukerarik handiena Marteko antzinako bizitzaren inguruan zerbait aurkitzeko», adierazi du Nicola Foxek, NASAko Misio Zientifikoen Zuzendaritzako administratzaile elkartuak, prentsaurreko batean. Haren hitzetan, «ez da bizitza bera, baina izan liteke duela milaka milioi urte existitu zen bizitza mikrobiarraren aztarna bat».
Lagin horretan topatutako bio-firma posibleak —jatorri biologikoa izan dezaketen egiturak edo konposatuak— oraindik datu gehiago eskatzen ditu egiaztatzeko, baina aurkikuntza iraultzaile bat izan daitekeela diote adituek. Sean Duffy NASAko administratzaile-ordeak adierazi duenez, «identifikazio horrek gure Marteko ezagutza nabarmen aberastuko du».
Baldintza egokiak, material egokiak
Zundak Bright Angel izeneko formazio geologikoa aztertzen ari zela bildu zuen lagina. Bertako harri sedimentarioak buztinez eta lohiaz osatuta daude; Lurrean, halako materialek oso ondo kontserbatzen dituzte iraganeko bizitza mikrobiarraren arrastoak. Gainera, karbono organikoa, sufrea, burdin oxidatua eta fosforoa ere ugariak dira bertan.
Joel Hurowitz Perseverance proiektuko ikertzaile nagusiaren arabera, «aurkitu ditugun konposatu kimikoek mikroorganismoentzako energia-iturri bikaina izan zitezkeen». Hala ere, adierazi du beharrezkoa dela datu horien esanahia ondo interpretatzea, bizitzaren seinale izan daitezkeen ala ez baieztatzeko.
“Pantera-orbanak” eta burdinazko mineralak
Ikertzaileek Cheyava Falls inguruan aurkitutako harri batean —gezi-punta formakoa, metro bateko luzera eta 0,6 metroko zabalera duena— orban koloretsuak antzeman zituzten. Orban horiek, karbono organikoa, sufrea eta fosforoa erabilita, bizitza mikrobiarrak utzitako arrastoak izan litezke.
Irudiaren bereizmen handiagoan, “pantera-orban” izendatutako egitura mineral bereziak antzeman zituzten. Bi mineral nagusi identifikatu dituzte: vivianita (burdin fosfato hidratatua) eta greigita (burdin sulfuroa). Lurrean, bi konposatu horiek askotan agertzen dira materia organikoaren desegitearekin lotutako inguruneetan, eta zenbait mikroorganismok greigita sortzeko gaitasuna dute.
Adituen arabera, bi mineral horiek sortzeko behar diren erreakzio kimikoek mikroorganismoen energia-sorkuntza sistemak iradoki ditzakete.
Marteren historiaren ikuspegi berria
Aurkitutako seinaleen arabera, Marte uste zena baino denbora gehiagoz edo epe berantiarragoan izan zitekeen bizigarri. Baliteke oraindik aurkitu ez diren aztarnak egotea, baina askoz zailagoak izatea detektatzeko.
Katie Stack Morgan, Perseverance proiektuko zientzialariaren esanetan, «bio-firma posible bat identifikatu eta hori ebaluazio zientifiko zorrotz baten bidez aldizkari batean argitaratzea funtsezko pausoa da, gure emaitzen balioa eta sendotasuna bermatzeko».