Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagar bilketa ofizialki abiatua da, eta aurten uzta emankorra espero da Euskal Herriko sagastietan. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban sagarrak jasotzen hasi dira dagoeneko, eta datozen egunetan bilketa hedatu egingo da beste eskualde batzuetara ere. Kontseilu Arautzailearen arabera, 6 eta 7 milioi kilo artean biltzea aurreikusten da.
Ekoizpen ziklikoa eta oreka bila
Iazko uzta eskasa kontuan hartuta, aurten bilketa oparoa izatea espero zen, eta horrek baieztatu du sagarrondoek duten joera ziklikoa: urte batean uzta handia, hurrengoan apalagoa. Etorkizunera begira, erronka nagusietako bat izango da joera horri aurre egitea, eta ekoizpena urtez urte egonkortzea.
Hainbat proiektuk helburu hori dute: adibidez, bakanketa teknikaren erabilera, sagarrondoek indarrak banatu ditzaten; Geneva txertaketak Euskal Sagarraren egokitzapena aztertzeko; edo lurzoruaren azterketa, ekoizpenaren oinarri den lurraren osasuna hobeto ezagutzeko.
Bilketa eredu berriak eta heldutasun goiztiarra
Sagar bilketa nagusiki eskuz egiten bada ere, gero eta gehiago dira makina laguntzaileak erabiltzen dituztenak, klimari eta orografiari egokituta. Arbola astindu eta lurretik jasotzea da ohikoena, baina zuzenean zuhaitzetik biltzea ere gero eta zabalduago dago. Bilketa moduetan aurrera egitea da datozen urteetarako beste helburu estrategikoetako bat.
Heldutasunari dagokionez, aurten aurreratuta dator, loraldia beranduagokoa izan bazen ere. Udako bero gauek izan dute horretan eragina.
Sagarraren katalogoa, geroz eta zabalago
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak gaur egun 106 sagar mota onartzen ditu, eta horietatik 24 dira ekoizpenean gehien erabiltzen direnak. Mota horien arteko nahasketa arduratzen da sagardoari bere nortasuna emateaz. Gezako eta garratz sagarren konbinazioak, sagardogile bakoitzaren gustuaren arabera, emaitza desberdinak eskaintzen ditu.
Nafarroa eta Ipar Euskal Herriaren sarrerarekin, katalogoa 250 sagar motaraino zabalduko da. Sagarrak, gainera, ADN berezidunak dira, mendeetan zehar Euskal Herrian garatu direlako.
Altzon, uzta berriaren aurkezpena
Atzo Altzoko Ipintza sagastian egin zen 2024ko sagar bilketaren hasiera ekitaldia. Bertan aurkeztu ziren sektorearen datuak, proiektu estrategikoak eta ekoizpenaren nondik norakoak.
Prentsaurrekoan hainbat eragilek hartu zuten parte: Maite Retolaza (Zeraingo Oiharte sagardotegia), Maider Lopetegi eta Olatz Mitxelena (Euskal Sagardoa Jatorri Deitura), Aitor Etxeandia (Fruitel), Raimundo Ruiz de Escudero (HAZI), Xabier Arruti (Gipuzkoako Foru Aldundia), Xabier Olano (Altzoko alkatea) eta Unai Agirre (Euskal Sagardoa koordinatzailea), besteak beste. Sagargile eta sagardogile ugari bertaratu ziren.
Goierriko sagardotegien presentzia eta Sagardo Astea
Euskal Sagardoaren katalogoan gaur egun 50 sagardotegi daude: bi Araban, hiru Bizkaian eta gainerakoak Gipuzkoan. Goierritik lau sagardotegi nabarmentzen dira: Begiristain (Legorreta), Oiharte (Zerain), Tximista (Ordizia) eta Urbitarte (Ataun).
Bestalde, urriaren 9tik 19ra Sagardo Astea ospatuko da Igartubeiti Baserri Museoan (Ezkio). Sagarraren prentsaketa zuzenean ikusteko aukera eskainiko du urtero bezala, eta programak bisita gidatuak, kirikoketa erakustaldiak eta antzezpenak barne hartzen ditu. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute.