Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) egindako ikerketa baten arabera, Urola eta Goierri eskualdeetako haur eta nerabeen odolean atzeman dituzte PFAS izeneko substantzia kimiko iraunkorrak. Nahiz eta osasunerako arrisku larritzat ez jo, azterketak ohartarazten du «haien esposizioaren jarraipena sendotzeko beharra» dagoela.
Azterlana EHUren, Biogipuzkoa institutuen eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Sailaren arteko lankidetzaren emaitza da, eta adingabeen plasmaren laginetan PFASen presentzia egiaztatu dute. Hain zuzen ere, 315 haurren laginak aztertuta, 42 konposaturen artean 18 aurkitu dituzte, ohikoenetako batzuen detekzioa %70etik %97ra bitartekoa izanik.
Sukaldeko tresnetatik haur txikien odolera
PFAS konposatuak oso egonkorrak dira eta zailak dira ingurumenean degradatzen, eta egunerokoan erabilitako hainbat produktutan egon daitezke: zartagin itsasgaitzak, jantzi iragazgaitzak, elikagaietarako ontziak edo su-itzalgailuetako aparretan, besteak beste.
Ikerketaren arabera, substantzia horiek haurdunaldian zehar igaro daitezke plazentaren bidez, eta edoskitzaroan, elikaduraren, edateko uraren, aire kutsatuaren edota PFASak dituzten produktuen bidez pilatzen jarraitu dezakete giza gorputzean.
Hori dela eta, adin txikikoak bereziki kalteberak direla nabarmendu dute. Anne San Roman ikerketaren egileetako batek azpimarratu duenez, «haurtzaroan jasotako esposizioak, dosi txikiagoetan bada ere, helduengan baino eragin handiagoa izan dezake, eta etorkizunean osasun arazoak izateko arriskua areagotu».
Eragin hormonalak eta osasun arazoak
Azterketak dio PFASak endokrinoen funtzionamenduan aldaketak, kolesterolaren igoera, gibeleko nahasmenduak eta garapenari eragiten dioten arazoak eragin ditzaketela. Horrez gain, gorputzean pilatzeko gaitasuna dute, baita ingurune naturalean metatzeko joera ere, eta horrek esposizio kronikoa bihurtzen du.
Ez da arrisku larririk egiaztatu, baina kezka handia dago
PFASen mailak adinaren arabera aldatzen direla azaldu dute EHUtik, eta arau-esparru eguneratua eskatzen dute. Hala ere, oraindik ez dago nahikoa informaziorik PFASen esposizio segurua definitzeko, eta horrek egoera are larriago bihurtzen du.
Nestor Etxebarria EHUkoko katedradunaren hitzetan, «ezin da ziurtasunez esan umeengan atzemandako PFAS mailak altuak edo baxuak direnik, ez baitago horri buruzko nahikoa ikerketa. Baina halako presentzia maila batek berez kezka eragiten du, eta ezinbestekoa da ondorioak hobeto ezagutzeko eta arriskuak gutxitzeko bidea bilatzeko ikerketa gehiago egitea».