Ataungo Udalak gazteei egin die deia: herriaren etorkizuna elkarrekin eraikitzeko prozesuan parte har dezaten. Udalak gazteen ekarpenak eta ikuspegiak entzun eta balioan jarri nahi ditu, eta horretarako, urriaren 31n eta azaroaren 1ean topaketa irekiak antolatu ditu udaleko ganbaran.
Deialdia 16 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta helburua argia da: herriko gazteei aukera ematea beren ideiak, kezkak eta proposamenak partekatzeko. «Zuen ahotsa entzun eta indartu nahi dugu», adierazi dute udaletik, gazteek herriko erabakietan aktiboki parte hartzea ezinbestekotzat jota.
Gazteen ahotsa erdigunean
Saioak urriaren 31n (17:00 – 19:30) eta azaroaren 1ean (10:00 – 13:00) egingo dira, eta Mondragon Unibertsitateko MTA – Mondragon Team Academy taldeak dinamizatuko ditu. Ekimenak gazteei aukera eskainiko die ideiak partekatzeko eta talde-lanean proposamen berriak lantzeko, herria hobetzeko helburuarekin. Udalaren esanetan, gazteen parte-hartzea ezinbestekoa da «herri bizi, ireki eta parte-hartzaile bat eraikitzeko».
«Zuen ideiak eta ikuspegiak ezinbestekoak dira gure herria hobetzeko eta etorkizuna elkarrekin sortzeko» mezuarekin, Ataungo Udalak gazteei animatu die parte hartzera. Bertan, euren proposamenak entzunak eta baloratuak izango direla azpimarratu dute. Ekimenak gazteen protagonismoa sustatu nahi du, eta herriko erabakiak gazteen ahotsarekin osatzeko bidean beste urrats bat izango da.