Ataun Koldo Kerejeta K.E. taldeak ezin hobeto abiatu du denboraldia. Larunbatean, Auzoeta Udal Kiroldegian jokatutako norgehiagokan, etxekoek 7-5 menderatu zuten Tolosako Janrablue Futsal Kirol Kluba. Zaleen babes handiarekin, ataundarrak indartsu aritu ziren neurketa osoan eta aurkariaren kontraerasoei sendo eutsi zieten.
Hasieratik erakutsi zuten joko bizia eta eraginkortasuna, eta horri esker markagailuan aurrea hartzea lortu zuten. Tolosarrak ere maila bikaina erakutsi zuten, baina Ataungo taldeak erakutsitako indarrak eta gol aukerak baliatzeak ekarri zuen azken emaitza. Etxekoen zazpi goletatik hiru Axel Goikoetxeak sartu zituen, eta partidako izarra bihurtu zen. Ekhi Aldasorok bi aldiz asmatu zuen, eta Anartz Goikoetxeak eta Martin Kerejetak bana gehitu zuten markagailura.
Taldearen balorazioa
Garaipenaren ostean, taldeak poza partekatu zuen sare sozialen bidez: «Earra liga haserea!! Kriston giroa eta hiru puntuk poltxikoa, eztau gehiau eskatzeik. Eskerrikasko etorritako guztiri, hurrungon gehiau eta HOBETO».