Ataungo Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute frankismo garaian (1936-1978) herrian gertatutako giza eskubideen urraketen inguruan ikerketa sakona egiteko. Atzo aurkeztu zuten ekimena, eta bi urteko iraupena izango duen proiektua da honakoa.
Proiektuak herritarren ekarpenetan oinarri sendoa izango du. Horregatik, datorren astean oroimen bulegoa irekiko da udaletxean, Ataungo herritarrek bizi izan dutena edo ezagutzen dutena partekatzeko aukera izan dezaten.
Bulegoa astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, ondoko ordutegian:
- Goizez: 10:00 – 14:00
- Arratsaldez: 15:00 – 17:00
Testigantzak eta dokumentazioa bilduko dira
Herritarren lekukotzek eta ekarpenek balio handia izango dute ikerketan. Aranzadik jasotako informazio guztia bildu eta sailkatuko du, eta ondoren webgune batean jarriko da eskura, herritar guztien oroimen kolektiboa aberasteko. Parte hartu nahi dutenek honako bide hauek dituzte harremanetarako: memoria@aranzadi.eus edo 943466142.