Txirrindularitzak bizirik jarraitzen du Ataunen, eta aurten berriz ere agerian geratzen da San Martingo ziklo-krosa berreskuratuta. Agauntza Kirol Elkarteak eutsitako apustuari esker, 66 urteko etenaldiaren ondoren bigarren edizioa jokatuko da larunbatean.
Lehiaketa gaur goizean aurkeztu dute udaletxean, eta bertan izan dira Martin Aramendi alkatea, Juan Arrondo Agauntza Kirol Elkarteko arduraduna, Abraham Olano Gipuzkoako Federazioko kirol arduraduna, Santi Osoro Gipuzkoako Federazioko presidentea eta Ixio Barandiaran (federazioan mendi bizikletaren arduraduna). Antolatzaileek zirkuitua prest dutela azaldu dute, eta azken prestaketak lotzen ari direla, izen-emateak zabalik jarraitzen duen bitartean.
Herritik bertatik jarraitzeko moduan, baina trafikoan eragozpenak egon daitezke
Aurkezpenean nabarmendu duten puntuetako bat da proba herritik bertatik ikusteko modukoa dela: ibilbidearen epizentroa plaza izango da, Intxaurrondon hasita plazan amaituko delako. Aramendik azpimarratu du ziklo-krosa berrartzea «berri pozgarria» dela eta, gainera, askorentzat esperientzia berria: «Herriarentzat ezohikoa da, aurreneko edizioa aspaldi izan zen eta gutako askorentzat aurreneko aldia da».
Hala ere, jendetza eta mugimendua espero direnez, alkateak herritarrei «pazientzia» eskatu die trafikoan eta garajeetako sarrera-irteeretan sor daitezkeen «eragozpen txikiengatik».
“Asko amestutako karrera”: Arrondoren bultzada eta Barandiaranen zirkuituaren erretratua
Ekimenaren atzean urteetako gogoa dagoela argi utzi du Juan Arrondok. Bere hitzetan, proba honek lotura zuzena du bere haurtzaroko oroitzapenekin: «Ilusio berezia egiten dit. Mutikoa nintzela bizi nuen aitona zenaren alboan San Martingo ziklo-krosaren aurreneko edizioa, gure baserritik igaro baitzen».
Iaz ere aurrera egiteko asmoa bazegoela gogorarazi du, baina federazioaren barruko gorabeherengatik bertan behera gelditu zela; oraingoan, ordea, “bukaerako krisketa” jarrita sentitzen da. Etorkizunera begira ere helburu argia dauka: gutxienez beste bost urtez mantentzea, jakinda horretarako lanaz gain dirua ere behar dela.
Zirkuituari buruz, Ixio Barandiaranek azaldu du ez dela bereziki teknikoa, baina bai gogorra, eta eguraldiak lagunduz gero lokatza protagonista izan daitekeela: «Oso teknikoa ez den arren, gogorra da, zati handi batean belarra dago eta lokatza handia sortuko du horrek». Gainera, buelta bakoitzean 80-100 metro inguruko desnibela pilatuko dela zehaztu du; hortaz, exijentzia handikoa izango da, baina aldi berean “oso polita”.
Gipuzkoako Txapelketa eta Iturri torneoko azken proba, lau lasterketarekin eta 210 izen-ematerekin
Larunbatekoa ez da ziklo-kros soil bat: Gipuzkoako Txapelketa ere bada maila guztietan, eta Euskal Federazioko Iturri torneoaren azken hitzordua. Osorok egunean zehar jokatuko diren lau lasterketen ordutegiak zehaztu ditu: 09:15ean masterrak (40, 50 eta 60) 40 minutuko saioan; 10:15ean kadeteak (neskak eta mutilak) 30 minutuz; 11:15ean juniorrak, mutilak, openak eta neskak 40 minutuan; eta amaieran Open proba, 23 urtez azpikoak, afizionatuak eta eliteko profesionalak barne, baita master 30ekoak ere. Txapelketa izaerari lotuta, maila bakoitzeko lehen hiru gipuzkoarrak podiumera igoko dira.
Parte-hartzeari dagokionez, oraingoz 210 lagunek eman dute izena, eta antolatzaileen iritziz kopurua handitzeko aukera badago oraindik. Euskal Herri osotik etorriko dira txirrindulariak, baita kanpotik ere. Ataunen bertan, lau korrikalari daude momentuz izena emanda: Edu Jimenez (Master 40; duela urte batzuk master 30eko Espainiako txapelduna), Maixa Odriozola (jubenil nesketan, torneoko sailkapenean hirugarren), eta junior mutiletan Xabat Beaskoetxea eta Lur Muxika (biak AMPOkoak).
Abraham Olanok, gainera, gazteen artean ziklo-krosarekiko interesa hedatzen ari dela azpimarratu du, eta Osorok datu batekin lotu du joera hori: Gipuzkoan probak lau izatetik sei izatera igaro dira, Elgoibarrek eta Ataunek egindako ekarpenarekin, eta gaur egun hiru sailkapenetan gipuzkoarrak buru direla ere gogorarazi du.



