Urtarrilaren 4an, igandea, pilota giroak hartuko du Ataun: Binakako B Serieko Txapelketako neurketa jokatuko da Auzoeta Udal Kiroldegian, 18:30ean hasita. Arratsalde berezia izango da, gainera, jaialdi berean herriko pilotari gazteenek ere kantxara jauzi egingo dutelako.
Txapelketako partidarik nagusienean, Zubizarreta III.a eta Aranguren ariko dira Senar eta Ugartemendiaren aurka. Binakako B Serieko sailkapenaren barruan kokatzen den hitzordua da, eta zaleentzako aukera paregabea, maila handiko lehia etxean bertan ikusteko.
Jaialdiak, halaber, harrobiko pilotariei ere lekua egingo die. Alde batetik, alebin mailako pelota goxuko binakakoa jokatuko da: Intza Labaka eta Beñat Albisu, Ekain Iglesias eta Joan Olaizolaren aurka. Bestetik, infantil mailako mistoetan, Aiur Arratibel eta Aretz Aldasoro ariko dira Amets Olaizola eta Egoi Zabaletaren kontra.
Sarrerek 15 euroko prezioa izango dute; antolatzaileek jakinarazi dutenez, «prezio bakarra ezarri du Baiko enpresak». Erosketa egiteko, herrian hainbat salmenta puntu prestatu dituzte: Troskaeta taberna, Urbieta taberna, Sutegi taberna eta Errotaundi okindegia.



