Euskara bigarren mailako hizkuntza gisa tratatzen dela salatzeko asmoz, ehunka lagun bildu dira Baionan Seaskaren deialdiarekin. “Baxoa euskaraz. Euskarari trabarik ez!” lelopean, manifestazioa egin dute larunbatean, Agosti Xaho kaitik abiatu eta suprefeturaraino.
Manifestazioaren bidez, baxoaren inguruko azterketak euskaraz egiteko aukerarik ez egoteak sortzen duen desadostasuna eta kezka plazaratu dituzte, eta Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera oldartu dute: oztopo teknikorik ez dagoela, borondaterik ez baizik.
«Euskara gutxiespenaren biktima da»
Erik Etxartek, Seaskaren izenean hitza hartuz, hizkuntza gutxitu baten aurkako jarrera salatu du irmoki: «Egun kexu gara. Zinez, kexu. Beste behin gure hizkuntza bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua baita. Ttipidanik eskolatze guzia euskaraz egin ondoren, Parisetik adierazten zaie, euskarak ez duela baliorik, euskara azpi hizkuntza dela frantsesaren ondoan».
Haren arabera, ez da onargarria ikasleek baxoko azterketa guztiak —idatziak eta ahozkoak— frantsesez egin behar izatea, bereziki kontuan hartuta beren ibilbide akademiko osoa euskaraz garatu dutela.
Azken bilera, itxaropen faltsuak?
Urtarrilaren 12an, Ipar Euskal Herriko hiru diputatu eta Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak Parisen izan ziren, Frantziako Hezkuntza ministro Edouard Geffrayrekin. Bilera horretan, baxoko azterketa batzuk —berezitasun probak eta Ahozko Handia, esaterako— euskaraz egiteko aukera jorratu zuten.
Hautetsiak baikor itzuli ziren, eta ministroak hizkuntza gutxituen kontuan hartzea hitzeman zuen. Hala ere, Seaskaren ustez, aurkeztu nahi duten egutegia guztiz desegokia da: aldaketarik bada ere, 2027ra arte ez litzateke indarrean sartuko. Hori ikusita, Seaskak egoera larria dela nabarmendu du.
Etxartek argi adierazi du: «Zinez borondate ona baldin bada, aurtendanik Leheneko ikasleek matematikak euskaraz pasatzeko parada ukan behar dute, eta Terminaleko ikasleek Ahozko Handia. Ez da arazo teknikorik, ez da sos beharrik, borondate ona baizik ez da behar».
Hizkuntza politikaren salaketa: «Lenguizida bat da»
Seaskaren mezua argia da: euskara baztertzea eta haren erabilera mugatzea ez da kasualitatea, baizik eta politika bat. «Euskarari ahalak mugatzea, azterketak frantsesez inposatzea, euskal kulturaren aldeko baliabideak murriztea, euskarazko hedabideei dirulaguntzak apaltzea, epaitegietan euskara debekatzea, politika Lenguizida da», salatu du Etxartek manifestazioan.
Haren hitzetan, hizkuntza eskubideak ez dira bigarren mailako kontuak, eta ez da onargarria euskaraz bizitzeko aukerak etengabe murriztea, oraingoan baxoaren bidez.
Borrokarako prest, elkarrizketarako ere bai
Manifestazioak erakutsi du euskarazko hezkuntza osotasunean defendatzeko prest dagoela jendartea. Seaskak, era berean, elkarrizketarako prestutasuna berretsi du, baina eskakizun argi batekin: ez dadila berriro ere hizkuntza gutxituen bizkar egin aldaketarik. «Ministeritzan errezibituak izan gaitezen galdegiten dugu, sor daitezkeen aldaketak ez daitezen beti bezala hizkuntz gutiagotuen bizkar izan», adierazi du Etxartek.



