Ataungo Aia auzoan jada begira jarri dira udako festetara. Santixalak 2026 ekimena martxan jartzeko lehen urratsa izango da otsailaren 5ean, ostegunez, egingo den bilera irekia. Ekitaldia 17:00etan Aiako elkartean izango da, eta herritarrak parte hartzera animatu dituzte antolatzaileek.
«Animau eta danon arten bikain antolaukoitteu!» lelopean, festa komisioak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu ideiak partekatzera eta ekarpenak egitera, elkarlanean egindako jai bizigarri bat diseinatzeko helburuarekin. Irekiera honek festa herrikoi, parte-hartzaile eta aberats baten abiapuntua izan nahi du.
Auzoko jaiak, guztion artean
Azken urteetan, Aiako jaiek giro berezia eta herritarren parte-hartze zabala izan dute ezaugarri. Aurten ere norabide berean urratsak ematea da asmoa, eta horregatik, hasieratik bertatik komunitate osoaren iritzia eta ekimena bildu nahi dira.
Festa komisioak argi utzi du lehen bilera hau ez dela erabakitzeko gune soil bat izango, elkarlanerako eta sormenerako topagune bat baizik, non festaren egitura, jarduerak eta beharrak lehen aldiz mahai gainean jarriko diren.



