Ataungo udalak «zenbait gertakari» izan direla salatu du pasaden asteburuan herriko gune ezberdinetan. Adibide modura igande goizaldera Larratze baserriaren aurreko belarrezko hesiaren egoera salatu nahi izan da, eta «txikizio» hauen aurrean «kezka eta atsekabea» adierazi du whatsapp sare-sozialaren bitartez herritarrei helarazitako mezuaren bitartez.

Udalak «gertakaria gaitzetsi eta babes osoa helarazi» nahi izan die kalteturikoei, baina «aurpegia emateko» eskaera egin die aldi berean «kaltea eragin dutenei». Gertatutakoaren inguruko informazio baliagarria izanez gero ere, udalarekin harremanetan jartzeko eskaera egin da zabaldutako mezuaren bitartez.