Igande honetan burutu da urteroko Hiru Auzoetako korrikaldia Ataunen. XLII. edizio honetan azkarrenak Alexander Oiarbide ordiziarra eta Amaia Intxausti idiazbaldarra izan dira, Oiarbidek laugarrena eskuratu du gaurkoarekin. Ataun Kirol Elkarteko atletismo taldeak azpimarratutakoaren arabera, inoiz baino ataundar gehiagok hartu dute parte “Mantzaren omenezko” korrikaldi honetan, 105 parte-hartzailetik 19 izan bai dira herritarrak.
San Martin auzoko plazatik abiatu dira ohi modura korrikalariak 17,3 kilometroko ibilbidea burutzeko. Eguerdiko 12ak bueltan iritsi da lehen korrikalaria metara, Alexander Oiarbide ordiziarrak lortu du podiumeko lehen postua. Joan zen urteko marka gainditzea ere lortu du, 2 minutu lehenago helmugaratu bai da. Lehiaren bigarren postuan Angel Vazquez lazkaotarra izan da eta hirugarrenean berriz Xabier Sanchez idiazabaldarra. Emakumeen sailkapenari dagokionean eskarmentu handiko korrikalari batek lortu du garaipena, Amaia Intxausti idiazabaldarrak. Herritarren artean Mikel Auzmendik lortu du lehen postua.