Ia hiru hamarkadako esperientzia profesionala du Joseba Ormazabal tolosarrak, horietako bi ekintzailetza-proiektu batean, 22 urteko gazte bat izanik enpresa baten sortzaile-kide gisa. Etapa horrek erronkak eta ikaskuntzak ekarri zizkion, eta, horrez gain, enpresaren eta teknologiaren esparruan egindako ibilbidearen oinarriak ere finkatu zituen.
Ondoren, Indaban sartu zen, LKS Next kooperatiba-taldean. Fase horretan, eredu kooperatiboa ezagutzeko aukera izan zuen, eta, batez ere, proiektuak koordinatzen eta aholkularitza teknologikotik ekarpenak egiten aritu zen. Gaur, LKS Next enpresako bazkide gisa, aholkularitzarekin jarraitzeaz gain, ‘Web aplikazio enpresarialak’ garatzeko ardura duen taldea koordinatzen du.
Maiatzen 29an, asteazkena, Ataungo batzokian hitzaldia eskainiko du adimen artifizialaren inguruan 19:00etan. Izan ere, Ataungo EAJ-PNVk ohar batean azpimarratu duenez “mundua aldatzen ari da” eta horren harira, herritarrek, alor hau gehiago ezagutu eta beraien zalantzak argitzeko aukera izango dute.