Israel eta Palestinaren arteko gatazkak aurrera jarraitzen duen honetan, bakea, justizia eta itxaropena eskatu ditu Gernika-Palestina Herri Ekimenak astelehen honetan Ataunen egindako elkarretaratzean. Zenbait hedabidetan «irudi lazgarriak» ikusten jarraitzen dugula azpimarratu nahi izan dute beste behin, izan ere «Israelgo estatuak palestinarren aurkako genozidio saiakeraren aurrean jarri du beste behin mundua, milaka herritarren heriotzak probokatuz».
«Miloi bat desplazatu, giza hondamendia, eta nazioarteko legediaren aurkako jardun iraunkorra» ere salatu nahi izan dituzte. Egoera honen aurrean San Martin auzoko plazan elkartzeko deia egin zuen atzoko egunerako Gernika-Palestina Herri Ekimenak, izan ere, «sarraski honen aurrean ezin dugu ixilik egon, ezin besoak gurutzaturik geratu» azpimarratu dute.