Datorren astelehenean, azaroak 25, Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira, jarduera eta lanketa ezberdinak antolatu ditu Biboletak Ataungo Talde Feministak Ataungo Udalaren babesarekin. Urteek aurrera egiten duten neurrian indarkeria hori areagotzen duten zenbait ekintza ikusten dira oraindik ere, bai eta beste zenbait mezu irakurri ere. Biboletak taldeak «indarkeria matxistarik gabeko jendartea eraikitzeko bidean» jarraitzen du lanean, eta aldarri hori ozen oihukatuko dute azaroaren 24 eta 25ean.
Igande honetan, “Tailer Morea” burutuko da 12:00etan San Martin auzoko plazan. Herria aldarrikapenez apaindu ahal izateko zenbait kartel, txapa eta mezu egingo dira bertan, eta bertaratu nahi duen pertsona orok izango du bere apaingarria osatzeko aukera. Astelehenean berriz, urteroko elkarretaratzea burutuko dute San Martin auzoko plazan, 18:30ean.